Igone Campos eta Ivan Cuesta Bandres-Karolo memorialeko txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 25a, 19:59

Axier Alonso eta Igone Campos bera nagusitu dira Euskal Herriko kronoigoera txapelketan.

Igone Campos zumarragarrak eta Ivan Cuesta kantabriarrak irabazi dute 2019ko Bandres-Karolo memoriala. Igonek bi probak irabazi ditu, bai lineakoa bai erlojuaren kontrakoa (Euskal Herriko txapeldun izan da bietan), eta, beraz, nagusitasun osoz irabazi du memoriala bera ere. Bigarren, Uxue Fraile izan da eta hirugarren Laura Sola izabarra.

Mutiletan, Ivan Cuesta Liebanako eskiatzaileak tarte zabala atera dio kronoigoeran Wilfrid Jumere frantziarrari eta, beraz, bietako denborak batuta, kantabriarrak bereganatu du memoriala. Hirugarren, memorialean, Juan Torres izan da. Kronoigoeran, dena den, Axier Alonso oñatiarra azkarragoa izan da Torres baino.

Euskal Herriko kronoigoera txapelketari dagokionez, Igone Campos izan da azkarrena, bigarren Uxue Fraile eta hirugarren Laura Sola. Atzetik, Maite Maiora izan da laugarren erlojuaren aurkako proban, eta Izaskun Zubizarreta bosgarren.

Mutiletan, berriz, euskal selekzioko hiru gazte izan dira lehen hirurak: Axier Alonso txapeldun, Jon Ander Aranburu bigarren eta Aitor Ajuria hirugarren. Gazteen ondoren, Igor Alzelai izan da laugarren, Javi Dominguez bosgarren eta Mikel Nabarro seigarren.

Berriro ere eguraldia lagun, Arrakoko zelaigunetik abiatu eta Larrondoa gailurrean bukatu, eskiatzaileek ibilbide "pierrementeroa" izan dute partaideen beraien esanetan. Biraketa asko, pagadi itxian barna, elurra urri samar beheko zatian (palekin lan handia egin zuten antolatzaileek basoko lehen zatian) eta goran mendi-mendiko ibilbidea, ezohikoa modalitate honetako probetan.

Igone Campos

Ivan Cuesta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!