[BABESTUTAKO EDUKIA] «Bitartekaritzaren bidea agortzea garrantzitsua iruditzen zait»

Ataria 2019ko ots. 24a, 19:59

Ameriketako Estatu Batuetan ezagutu zuen bitartekaritza Silvia Garrues tolosarrak; 12 urte bertan abokatu moduan lanean eman ostean, herrira ekarri nahi izan du bitartekaritza, Ados Bitartekaritzaren bidez.

Tolosako Pedro de Tolosa kaleko 1 zenbakian ireki du, Ados Abokatuak eta Bitartekaritza Estudioa, Silvia Garrues Remirezek. Abokatu ikasketak egin eta gero, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, Texaseko Houston unibertsitatera. 12 urtez bertan lan egin ostean, Madrilera lekualdatu zen, Espainiako legeekin harremanetan jartzeko, eta nola lan egiten duten ikusteko. Bitartekaritzako titulua aterata, herrira itzuli da.

Etxera bueltatu zara, eta abokatu eta bitartekari lanetan hasi zara.

Tolosarra izan arren, 12 urtez egon naiz Ameriketako Estatu Batuetako Texasen, abokatu moduan lanean. Ikasketak amaitu ostean, Texaseko Houston unibertsitatera joan nintzen, ikerketa bat egitera. Lehenengo ikertzaile moduan aritu nintzen eta, ondoren, irakasle moduan lan egin nuen, abokatu bulegoekin kolaboratuz. Eta, azken urteetan, familia zuzenbideko bulego batean egin nuen lan. Han deskubritu nuen bitartekaritza. Ameriketako Estatu Batuetan banaketa eta dibortzio kasuen %90ean erabiltzen da bitartekaritza.

Interesgarria iruditu zitzaizun?

Bai. Ikusi bezain laster, «hau nire herrira eraman nahi dut» pentsatu nuen. Oso baketsua dela iruditu zitzaidan, eta izugarrizko aukera dela. Abokatu bezala, lasaitasunez landu dezakezu. Prozesu barruan zaudela, erabakiak aldatzen joan daitezke, azken momentuko ideiak sar ditzakezu, detaile txikiak gehitu, ... Laguntza sozial bat da.

Zertarako da bitartekaritza?

Auzitegietara ez joateko erabiltzen da. Esaterako, parte hartzaileei, bikoteari beraien arteko adostasuna lortzeko aukera ematen dio. Erabakia ez dute hirugarren pertsona baten, hau da, epailearen eskuetan uzten. Bitartekariak parte hartzaileen harremanak bideratuko ditu, eta adostasun batera iristen saiatuko da. Pozik edo, gutxienez, gustura geratzen dira, bi aldeak. Nolabait esateko, biek irabazten dute.

Bi aldeek parte hartu nahi izatea beharrezko da, beraz.

Bi aldeen interesak hartzen dira kontuan, bitartekaritzan. Bi aldeak urrundu eta desadostasunetan zentratu beharrean, gu bi aldeek dituzten oinarrizko baloreetan zentratzen gara. Borondatez etorri behar dute eta, garrantzitsuena da, erabakiak parte hartzaileek beraiek hartzen dituztela. Familien kasuetan, haurrak daudenean, esaterako, administrazioarekiko auzietako auzitegian bata bestearen aurka badaude, normalean haserretuta aterako dira. Bitartekaritzaren zentzua da: «Has gaitezen gure harremana lantzen. Banatu gara, baina umeak tarteko izanda, saia gaitezen ahalik eta ondoen eramaten». Funtsezkoa da korapiloak askatu, eta biek komunean dituzten puntuetan zentratzea.

Nori zuzenduta dago?

Tolosa, Tolosaldea eta Goierriko herritarrei zerbitzua ematea nahi dut. Ingelesa eta Alemana dakizkidanez, nazioarteko profila ere badut.

Bikoteekin bakarrik egiten duzu lan?

Ez. Bitartekaritza ez da bikote kontua bakarrik. Herentziek familietan sortzen dituzten eragozpenak bideratzeko oso egokia da; enpresa kudeaketan; familiako enpresa txikietan; bizilagunen arteko desadostasunak bideratzeko; guraso eta nerabeen harremanetan... Bitartekaritzan harremana eraldatu egiten da. Guregana datorren jendea oso haserre dator; ez dute parekoa begiratu ere egin nahi. Guk denbora hartu behar dugu hitz egiteko. Entzun egin behar diegu eta, proposamena luzatu ostean, denbora eman behar diegu pentsatzeko. Gatazka bi, hiru edo lau pertsonaren artekoa da, eta denek izan behar dute arazoa konpontzeko gogoa. Harremanak bideratuko ditugu. Bitartekaritzaren bidea agortzea garrantzitsua iruditzen zait eta, gustukoa ez balitz, joango ginateke epaitegietara. Gizarteko gatazkak hor daude eta jendeak jakintza handia duenez, nik uste dut erabakia bere eskuetan izan nahi duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!