Tolosako 100 ikaslek 60 zuhaitz landatu dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko otsailaren 21a

Gaur egin dute landatzea Laskorain ikastolako ikasleek, irakasleekin batera. Ikasturtean zeharreko Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan dago egitasmoa.

Tolosako Ingurumen Sailak eta Tolosako Ingurumen Zentroak zuhaitzen inguruko proiektu batean dihardute, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Hori dela eta, gaur zuhaitzak landatu dituzte, suhiltzaileen parkearen pareko eremuan.

Duela lau urte hasi ziren, Tolosako ikastetxeak, lan horrekin, eta urtero egin dituzte landatzeak, herriko zenbait gunetan. Gaur, Laskorain ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 100 ikaslek izan dute ardura. Irakasleez gain, TIZ eta Goroldi taldeko adituek ere lagundu diete. TIZeko ordezkariek azaldu dute zuhaitz osasuntsuek zoru osasuntsuak behar dituztela: «Eta herria apaintzeaz gain, badituzte bestelako onurak».

Landatzeez gain, Joseba Parron San Sebastianen Hostoak baino gehiago argazki erakusketa jarri dute ikastetxeetan. Bestetik, hainbat tailer antolatu dituzte, hala nola, tribial txiki bat, edo Instagram bidezko argazki leihaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!