Inauterien ondoren, Iurreamendi pasealekuko haur-parkeetako bat era integralean berritu eta bigarrenean hainbat mantenu lan egiteari ekingo dio Udalak. Hain zuzen, Iurramendi pasealekua 15 eta 17 atarien artean dagoen parkea kendu eta berria jarriko dute, eta aldamenean dagoen parkean, berriz, jokoak konponduko dituzte.
Eraberritzea 2017ko apirilean Udalak egindako Tolosako jolas parkeen diagnosia izeneko ikerketaren ondoriozkoa da. Bertan Tolosako 30 parkeen egoera, segurtasuna, mantenua eta legediaren egokitzapena aztertu ziren. Hori dela eta, hainbat lan burutzen ari da Udala, eta Iurramendi auzokoa 2018ko aurrekontuaren baitakoa da.
Iurramendi auzoko parkeei dagokionez, jolastoki zaharrenean lur berria jarriko da eta jokoen elementuak eguneratuko dira. Lur berria kautxozko pikor beltzez osatutakoa izango da eta ondorenean kolore eta forma ezberdinak emango zaizkio. Besteak beste, adin txikikoei bideratutako jolasak eta helduagoak diren aurrentzako elementuak jarriko dira. Horrela, zabuak, txirristra, kulunka ezberdinak eta eskalatzeko estruktura handi bat jarriko dira.
Mantenu lanak burutuko diren parkean, berriz, zabuetako kate muturrak eta torlojuak finkatuko dira, kulunketan hankak jartzeko elementuak ordezkatu, eta eskalatzeko gunean pitzatuta dauden elementuak eraberrituko dira.
Udalak 61.452,62 euroko (BEZ barne) inbertsioa burutuko du jolas-gune hauen eraberritzean. Lanok 6 aste irautea dago aurreikusia, martxoaren hasieran hasita.
