V. Torneo Nazionala finalerdietara iritsi da

Ataria 2019ko ots. 21a, 15:59

Oberena elkarteko ordezkariak

Larunbatean eta igandean Beotibar frontoian Euskal Herriko kluben arteko Torneo Nazionalaren V. edizioko bi finalerdiak jokatuko dira. Oberena eta Hernani, larunbatean, eta Buruzgain eta Irurtzun, igandean, izango dira neurketak.

Datorren larunbatean, otsailak 23 19,00tan, Beotibar frontoian Oberena eta Hernani klubek jokatuko dute lehenengo finalerdia, larunbatean, otsailak 23, 19:00etan. Bi urtetan Torneoan parte hartu gabe egon ondoren, indar handiz berragertu da Oberena. Aurre-kanporaketatik hasi eta eskaileran gora joan da aurrean tokatu zaizkion guztiak kanporatuaz: Zegamako Tartaloetxe, Markina, Lemoa eta final-laurdenetan orindik txapeldun den Zazpi Iturri ere bai.

Orain arte aurkeztu dituen pilotariak kontutan hartuz, Oberenatik ondorengoek jokatzea espero da: lau eta erdian, Igantziko Oian Kanabal gaztea, orain arte partidu guztiak irabazi dituena; banaka frontoi osoan, Garcia Arrotxapeako gaztea izango da irabazten saiatuko den; binakakoan Unai Mata eta Aldabe izango dira, puntua hil edo bizikoa bada, finalerako txartela lortzen saiatuko direnak.
 

Hernani elkarteko ordezkariak

Hernani izango du aurrez-aurre, afizionatuen pilota munduan erreferente den kluba. Joan den urteko IV. edizioan lortutako postuak talde buru izateko eskubidea eman zion eta aurtengoan Doneztebeko Erreka talde indartsua utzi du kanpoan final-laurdenetan. Talde zabala dauka, kalitate handiko pilotariz osatua. Aurreko kanporaketan ikusitako pilotariak kontutan hartuz, hau da larunbaterako espero litekeena: lau eta erdian, Ojuel zaildua, eskuin oso bizia duen pilotaria; banaka frontoi osoan Arrieta izango da irabazten saiatuko dena, azalpen askorik behar ez duen pilotaria, era askotariko kalifikazioak jasotzen dituena; binakakoan Urkizu eta Labaka, aurreko Errekaren aurkako kanporaketan beraiek irabazi zieten Telletxea-Gorriti bikoteari.

Faborito garbirik ez da aurreikusten lehenengo finalerdi honetan. Oberena bezalako talde gazteak bere erritmo azkarra ezartzen saiatuko da Hernaniko talde beteranoaren aurka, ofizio, lana eta kalitate asko daukan taldea.

Bigarren finalerdia

Igandean, otsailak 24, 17:00etan Ultzamako Buruzgain eta Irurtzun izango dira aurrez-aurre bigarren finalerdian. Aurreko urtean egin zuten Torneo onarekin eta azken sailkapenean lortutako posizioa dela eta, final-laurdenetan talde buru bezala hasi dute bere ibilbidea Torneoan.
 
Buruzgain elkarteko ordezkariak

Buruzgainek Atarrabiako Paz de Ziganda kanporatu zuen final-laurdenetan, aurtengo Torneoko ezustekoetako bat izan den kluba. Talde zabala eta indartsua dauka Buruzgainek eta pilotari bat baino gehiago erabili dezake modalitate bakoitzean, komeni zaiena jarriz momentuaren eta aurkariaren arabera. Orain arte erabili dituen pilotariak kontutan hartuz eta Joseba Sarasak ezin izango duela jokatu atzerrian delako lan kontuengatik, hau da espero daitekeen parte hartzea: lau eta erdian, Iriarte Larraungo pilotari beteranoa, forma oso onean aurkitzen dena; banaka frontoi osoan, Gaskueko Unai Astizek defendituko du kluba, buruz-burukoan aritzeko pilotaria peto-petoa, ederki sartzen du-eta gerria pilota atzean jartzeko; binaka Olaizko Iñigo Larunbe eta Larraintzarko Andoni Gaskue izango dira puntua irabazi nahian finalean sartzeko.
 
Irurtzun elkarteko ordezkariak

Neurketa honetako faboritoena Irurtzun da. Aurreko urtean ere hala zen baina ezustean Amezketako Zazpi Iturrik irabazi zion finalean. Luxuzko pilotari saila dauka, asko profesionaletan ibiliak, eta afizionatuetan maila handiko tituluak lortutakoak. Pilotari hauek erabili izan ditu gehien partiduetan: lau eta erdian, Olazabal aresoar ezaguna, inongo aurkezpenik behar ez duena, modalitatea ederki dominatzen duen; banaka Satrustegi herriko Ongai izango da, buruz-burukoan aparta, defentsa onaz aparte tantoa erraz bukatzen dakiena; eta binaka Ollo eta Bergera maila ikaragarriko bikotea.

Afizionatu mailan erreferente diren bi talde indartsu bigarren finalerdian. Buruzgainek talde gaztea eta kalitate handikoa du eta Irurtzunek, berriz, pilotan ia dena eginda daukaten beterano talde indartsua, asko profesionaletan ere maila ona emandakoak.
Euskal Herriko kluben arteko Torneo Nazionalaren mailak merezi duen finalerdian, antolatzaileen esanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!