Nerea Eizagirre: «Ea astebururo Anoetan jokatzerik dugun»

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 20a, 10:30
Argazkiak: Real Sociedad

Kopako finalerdian Anoetan bizitakoa «oso berezia» izan zela esan du Realeko jokalari tolosarrak.

Igandean Realak Sevillari irabazi zion Erreginaren Kopako finalerdia, eta talde txuri-urdinak lehenengo aldiz jokatuko du finala. 18.000 zaletik gora elkartu ziren Anoeta estadioan, eta partida eta giroa «oso berezia» izan zirela azaldu du Nerea Eizagirre Realeko jokalari tolosarrak. «Finalera iristea denon amets bat zen, lortu genuen eta oso gustura gaude. Nik uste dut oraindik ez garela guztiz kontziente lortu dugunaz. Egia esan, han bizi izan genuen giroa, eta gero partida ondorengo ospakizuna, oso bereziak izan ziren».

Aurreko asteburuan Athleticen aurkako derbia jokatu zuten eta orduan hogei mila pertsonatik gora izan ziren Anoetan. «Derbira jende asko etorri zen eta bagenekien Kopako finalerdietara ere jende asko etorriko zela, baina partidaren ondoren mikrofonoa hartu eta denak abesten egotea, gurekiko horrelako gertutasuna sentitzea, ez genuen espero. Azkenean ikusi zen jendea ere gurekin dagoela eta guretzat horrelako zerbait bizitzea garrantzitsua da».

«Emakumeen kirola igotzen» ari dela esan du tolosarrak. «Jende gehiagok ikusten du, gutaz gehiago daki eta interesatzen da. Emakumeen kirola aspaldidanik ematen ari da pauso hori. Oraindik asko dago egiteko, baina egia esan, bide onean goaz». Pauso horietako bat astebururo Anoeta estadioan jokatzea izan daitekeen galdetuta, Eizagirrek erantzun du baietz, ez lukeela izan behar noizbehinka jokatzea, «astebururo jokatzea guretzako garrantzitsua da, baina oraindik gauza asko daude egiteko, klubaren aldetik, komunikabideen aldetik...». Azkenaldi honetan gauzak ondo egiten ari direla gaineratu du: «Guretzat zerbait polita da, eta espero dugu noizbait Anoetan astebururo jokatzea».

Athleticen aurkako derbian gola sartu zuen Eizagirrek, baina hori gutxienekoa izan zela dio: «Garrantzitsua bizi izan genuen giroa izan zen, jakinik Kopako finalerdia genuela hurrengo asteburuan», esan du Eizagirrek. «Azkenean jendea etortzea eta gure futbolarekiko interesa izatea guretzat oso polita da».

Eizagirren ametsetako bat, hain justu, Anoetan jokatzea zen, eta hori lortu du. «Futbolean hasten zarenean ez zara hor ikusten, gainera neskak beti Zubietan aritu dira», esan du futbolari tolosarrak. «Lehenengo ametsa Realera iristea zen. Behin bertara iritsita, Anoetan jokatzea zerbait polita da. Ea egunen batean normaltzat hartzen den. Izan ere, nire ustez konturatu behar gara jendeak ez duela arazorik gu ikustera joateko». Bi asteburutan jarraian jokatu dutela eta bietan bete dela esan du. «Ametsak bete dira eta jarraituko dugu».

Kopako finala Atletico Madrilen aurka jokatuko dute, maiatzaren 11n, Granadan. «Finala zaila da. Liga begiratzen badugu, Atletico Madril lehenengo doa, eta talde gogorra da, jokalari onak ditu, baina final bat final bat da, eta biok jokatzen dugu etxetik kanpo». Ahal duten ondoen prestatuko dutela, eta aurretik ez dutela finala galdutzat emango gaineratu du futbolari tolosarrak.

Finalera zenbat zale joango diren ez daki Eizagirrek. «Espero dugu ahal den jende gehiena joatea. Behintzat, guretzako familia eta gertuko jendea bertara joatea garrantzitsua izango da».

Koparen finalera iristeko lorpenean Ligak zerikusia handia duela dio Eizagirrek. «Gauzak ondo egiten ari gara. Gonzalorekin egunero gauzak hobetzen ari gara eta ligan ondo goaz. Seigarren postuan gaude, eta hortxe ditugu Athletic eta Betis aurretik. Horrela jarraituz gero, ea zer postutan bukatu ahal dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!