Noaingo Mendi Taldeak antolatuta, asteburuan, zortzigarren Bandres-Karolo memorialeko probak jokatuko dira Izaban. Irabazi asmorik gabeko taldeak, mendiko eskiko bi proba antolatu ditu. Batetik, erlojuaren aurkako igoera egingo da, eta bestetik, bakarkako proba. Irteera eta helmuga Izaba inguruan ezartzea aurreikusten duten arren, eguraldiaren araberakoa izango da, eta ostiralean baieztatuko dute. Aurtengo edizioan, gainera, Aitor Otxoa oñatiarrari Bandres-Karolo saria emango diote, eskiatzaile honen urte luzeko ibilbidea omentzeko.
Azken zazpi urtetan, Euskal Herriko Txapelketa seitan jokatu da bertan, eta aurten ere horrela izango da. Gainera, Euskal Herriko Koparako lehen proba puntuagarriak izango dira. Mendiaren baloreak sustatzea helburu duen lasterketak, inoizko partaidetza handiena izango da. «Euskal Herritik aparte, Andaluziatik, Madrildik eta Frantziatik ere joango dira eskiatzaileak». Antolatzaileentzat, «sorpresa izugarria» izan da 13 egunetan dortsal banaketarekin amaitzea.
Proben egitura, eguraldiaren menpe
Urtero bezala, bakarkako proban bi ibilbide izango dira: A eta B ibilbideak. «Elurrak baldintzatuko du ibilbideak nondik nora izango diren». Lehenak, 22-25 kilometro inguruko luzera eta 1.600-1.900 metro inguruko desnibela izango ditu, eta B ibilbideak, berriz, 12-15 kilometro inguruko luzera eta 1.000 metroko desnibela. Kronoigoeraren ibilbidearena, aldiz, 600-900 metro ingurukoa izango da. «Ibilbide polita eta tradizionalak» izango direla aurreratu dute.
Beti bezala, baldintza metereologikoen menpe aritu beharko dutela aitortu dute antolatzaileek. «Oso zaila da aldez aurretik zein ibilbide egingo diren zehazki jakitea». Ondorioz, lasterketen aurretik egingo diren bileretan emango zaie ibilbideen berri. «Sorpresak ematea gustuko dugu». Aurten, ordea, «baldintza izugarriak» izango direla, eta «jendeak elurraz gozatu ahalko duela» aurreikusten dute.
Bertso-poteo eta guzti
Aurtengo ediziorako, egitarau oparoa osatu dute antolatzaileek. Eskiaz haratago, bestelako hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da. Ostiralean, dortsalak banatuko dituzte, eta bilera bat egingo dute, azalpenak eman eta informazioa helarazteko helburuarekin.
Larunbatean, 9:00etan hasiko da lehen proba eta 12:00etan luntxa izango da. 17:00etan, Iñaki Arakistainek eta Joseba Larrañagak hitzaldia eskainiko dute, iaz Nepalgo Drangnag-Ri (6.801 metro) mendian izandako esperientziaren inguruan. Emanaldiaren ostean, bertso poteoa egingo dute, Aimar Karrika eta Aitor Sarriegi bertsolariekin.
Igandean goizeko 9:00etan ekingo diote bigarren probari. 13:00etan, antolakuntzak eta Kurruskla elkarteak, jaki tradizionalekin osatutako bazkaria eskainiko dute, eta ondoren, sari banaketa egingo dute. Probaren inguruko informazio gehiago, www.bandreskarolo.com webgunean eta sare sozialetan aurkitu ahal izango da.