Energiaren kontsumoan %60 aurreztuko du Gipuzkoako Artxibo Orokorrak

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 19a, 12:57

Gipuzkoako Foru Aldundiak klimatizazioa hobetzeko 1.072.000 euroko inbertsioa egin du, Ingurumeneko eta Kulturako departamenduek bat egin ondoren.

Artxiboaren biltegiak eta eraikinaren gainerako espazioak klimatizatzeko obrak egin dira, instalazioa berrituta, ondare dokumentalaren kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren tenperatura eta hezetasun balioak mantendu ahal izango dira. Bide batez eraikin osoaren argiteria aldatzeko aprobetxatu dituzte lanak, energia eraginkortasunerako irizpideei jarraituz.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azaldu du okasio honetan "funtzionaltasuna eta eraginkortasun energetikoa" uztartzen dituen sistema aukeratu dutela. "Energia eraginkortasunaren eta aurrezpenaren arloan horrelako neurriak hartzea ezinbestekoa da klima aldaketari aurre egiteko", adierazi du.

Tolosan kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorreko klimatizazio, aireztapen eta argi instalazioak zaharkituta zeuden eta ez zituzten beharrezko baldintzak betetzen. Behin lanak burututa, erabilera bakoitzeko sistema bat ezarri eta %60ko aurrezpen energetikoa lortuko da (urtean 240 MWh inguru, 85 tona CO2 eta 30.000 euro baino gehiago). Atalez atal, lan hauek burutu dituzte:

- Biltegietan, aire bidezko klimatazioa instalatu da. Eremu horietan paperezko agiriak gordetzen dira batik bat, eta instalazio honekin lortuko da eremu mota honetako egokiak diren baldintza espezifikoak sortzea: 18 - 20º graduko tenperatua eta %55 - 60ko hezetasuna.

- Biltegietako batean argazki artxiboak gordetzen dira, eta horregatik, tenperatura eta hezetasun baldintza zorrotzagoak bete behar dira bertan: 16 - 18º graduko tenperatura eta %30 - 40ko hezetasuna.

- Kontsultarako eta bileretarako bulego eta aretoetan gutxienez 21º graduko tenperatura bermatu behar da neguan eta gehienez 25º gradukoa udan, %50eko hezetasunarekin urte osoan.

Horrez gain, argi instalazio osoa berritu da. Egun dauden 480 argiak aldatu egin dira, eta led teknologiako argiak jarri dira, eraikinaren argi beharrei erantzun ahal izateko. Gainera, presentzia eta mugimendu sentsoreak jarri dira noizean behin erabiltzen diren eremuetan.

Artxibo historikoa

Gipuzkoako Artxibo Orokorra Tolosan dago eta eraikina XX. mende hasierako da, 1989an birgaitutakoa. Bost solairu ditu, eta guztira 3.000 metro koadroko azalera erabilgarria du, XV. mendetik XX. mendera arteko agiriak gordetzeko, bai euskarri tradizionaletan, bai digitaletan. Azalera horren erdia baino gehiago zortzi agiri biltegik hartzen dute.

Maria Jose Telleria Kulturako zuzendari nagusiak zainketa neurrien garrantzia nabarmendu du: "Ondarearen kontserbazioak bi alderdi nagusi ditu. batetik, zainketa, dokumentuen galtzea eta hondatzea galarazteko neurriak hartzea datza; eta bestetik, errestaurazioa, hondatutako dokumentuak jatorrizko egoerara bihurtzea nahi duenak. Zalantzarik gabe, guretzat zaintze lanek lehentasuna dute".

Gipuzkoako Artxibo Orokorra Gipuzkoako lurralde historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da: Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena. Artxiboaren jatorrizko muina batzar nagusiek eta aldundiek azken 500 urtetan sortutako dokumentazioa da. Artxiboaren zerbitzuak helburutzat du informazio hori herritarren eskura jartzea, agiriak Artxiboan bertan nahiz Interneten bidez kontsultatzeko aukera emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!