Lana eta gozamena, goiburu

Ataria 2019ko ots. 16a, 15:01

Udalaren, lagunen eta herritarren omenaldia jaso du Antxon Elosegi tolosarrak. Udaletxeko areto nagusia guztiz bete da, eta jendea gelditu da kanpoan ere.

Herriaren alde hainbat esparrutan egindako lanarengatik Antxon Elosegi tolosarra omendu du Udalak. Kabilak hainbat kanturekin harrera eginaz eta Udal Txistulari Bandak jotako Segurako alborada-ren doinupean ekin zion ekitaldiak.
 
Olatz Peon Ormazabal alkateak urteotan egindako lan oparo eta eskuzabala eskertu zion: "Hainbat esparrutan jardun duzu, Tolosako Ekinbide Etxearen fundatzaile izatetik, Tolosako kaleetan ikusgai dugun eskultura bilduma iraunkorraren sustatzaile, edota inauteri munduan ere ibili zara. Inauteriak duen indarra urte osora zabaldu zuen hainbat eta hainbat ekintzekin. Herriko ondare artistiko eta kulturalari ekarpen handia egin diozu, eta gaur Tolosak egindako lan hori eskertzen dizu”. Eskertza gisa, sanjoanetako bordon makila oparitu dio alkateak.
 
Udalbatzako beste alderdietako ordezkariak ere izan dira omenaldian. EH Bilduko Ibai Iriartek zoriondu egin dio omenaldiarengatik, eta "batez ere, eskerrak" eman dizkio "Tolosari nortasuna ematen" egindako lan guztiagatik. PSE-EEko Cristian Fernandezek ere eskertu dio Elosegiri egindakoa, "bereziki kulturaren arloan, herri honen kultura ez baitzen berdina izango zuk egindakoa gabe".
 
Bestalde, Elosegiren hainbat lagunek hartu dute parte omenaldian: Mitxel Ezkiaga kazetaria, Mitxel Perales TEEko lehendakari ohia, Ricardo Ugarte eskultorea, Javier Busto musikagilea edota Nisa Goiburu margolaria; azken honek bere artelan bat oparitu dio. Guztiek Elosegik herriari egindako ekarpena jarri zuten balioan. Bideo bitartez Elosegi zoriondu dute Ainhoa Arteta sopranoak, Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiaren zuzendariak eta Manuel Caballero torero ohiak.
 
Elosegik jasotako hitz guztiak eskertu ditu, eta egindako guztia familiari eskerrak egin duela adierazi du. Omenaldia "oso polita eta kuttuna" izan dela esan du: "Estimatzen dut eta eskerrak eman behar diot herriari. Nik gustuko gauzak egin ditut, eta txalotu egiten badidate, askoz ere hobe. Nire sentimendua da gauzak egitea, txaloak jaso ala ez jaso, baina jasotzen badituzu oso gustura hartzen dira". Udalbatzako ordezkaritza guztia egotea baloratu du Elosegik: "Herri guztia egon da, udalean dauden guztiak, eta hori elkarrekin egitea beti ondo baloratu egin behar da. Gainera lagunak izan dira, eta leku askotatik etorri dira. Mezu asko jaso ditu kanpotik gainera. Oso pozik nago".
 

Bestalde, egitasmo gehiago martxan jartzeko pizgarri moduan hartu du omenaldia: "Pentsatu dut obligazioa dela gauza gehiago egiteko, soka eman didate. Ez dakit lodia edo mehea, edo gogorra den. Aretoan esan dudan moduan, 'lan egin ezazu betirako biziko bazina bezala, eta gozatu ezazu bihar hilko bazina bezala '. Niretzat garrantzi handiko pentsamendua da hori".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!