«Ea lortzen dudan nire aitak egindako marka hobetzea»

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 15a, 15:12

Eunate Martinez de Rituerto atleta tolosarrari azken hiru urteetan izandako zenbait lesio txikik ez diote utzi gorako jauzian nahi bezalako emaitzak lortu eta bere marka hobetzen.

Espainiako 23 urte azpiko txapelketan brontzezko domina eskuratu du gorako jauzian Eunate Martinez de Rituerto (Tolosa, 1999) Tolosa CF-ko atletak. 1,67 metroko jauziarekin marka pertsonala egin du eta berak zuen Tolosa CF-ko marka hobetu du.

Gustura Espainiako Txapelketan lortutakoarekin?

Bai, egia esan, oso gustura. Baziren hiru urte nire marka ez nuela hobetzea lortzen. Lesio txiki batzuk medio, eta lasterketarekin ez genuela asmatzen, ez da posible izan orain arte. Baina fisikoki oso ondo iritsi gara txapelketara, eta lortu dugu. Oso pozik nago emaitzarekin eta hirugarren postuarekin.

Helburu jakin batekin joan zinen?

Marka egiteko esperantza banuen. Oso ondo ikusten nintzen, eta txapelketa hauetan beste motibazio bat duzu eta errazago da marka egitea. Postuari dagokionez, parte hartzaileen zerrendak atera zirenean, eta besteen markak ikusterakoan, aukerak bazeudela ikusi nuen. Baina eguna iritsi arte inoiz ez dakizu zer gertatuko den; zuk marka egiten duzun moduan, besteek ere egin dezakete.

Eta nola duzu gogoan jauzia bera?

Marka egin arteko jauzi guztiak lehenengoan lortu nituen. Ikusi nuenean 1,67 metroko altura iritsi zela, urduri jarri nintzen. Lehen jauzia baliogabea izan zen. Aita [Andu Martinez de Rituerto] da nire entrenatzailea eta esan zidan ondo ari nintzela, eta ikusi nuen posible zela. Bigarrengoan txipa aldatu, erraz jauzi egin eta marka lortu nuen.

Zure marka izateaz gain, Tolosa CF taldeko marka ere bada.

Aurrekoa ere nik nuen, 1,65 metrokoa, orain hiru urte egin nuen, Donostian. Aurretik, urte dezente zeramatzan 1,63 metroko markak. Ikustea Tolosa mailan ondo zabiltzala poztekoa da; azkenean errekonozimendua da.

Zein da zure erronka markari dagokionez?

Atletismoan egiten duzun markaren puntu baliokideak daude, eta alderatu ditzakezu beste probekin edota gizonezkoen markekin. Nire aitak egindako marka 2,05 metrokoa da, eta horren baliokidea emakumezkoetan 1,73 metro da. Beti erronka hori dut buruan, ea noizbait lortzen dudan aitaren marka hobetzea.

Zure lehen domina da Espainiako Txapelketan?

Orain hiru urte Salamancan bertan bigarren postua lortu nuen Espainiako Txapelketan, 18 urte azpiko mailan, Tolosa CF-ko marka egin eta pare bat astetara. Ordudanik lesio txiki batzuengatik-eta, gauzak ez ziren ondo ateratzen eta ez dut berriro lortu podiumera igotzea. Orain lortu dut hirugarren izatea; beste bi urte geratzen zaizkit 23 urte azpiko mailan, eta nik uste dut gauza politak egin ditzakegula.

Beste proba batzuetan ere parte hartzen duzu.

Bereziki gorako jauzian zentratzen naiz, baina egin izan ditut pentatloiak eta baita beste proba batzuk ere.

Nola moldatzen zara entrenatzeko?

Azkenean oinarri asko egiten dugu, abiadura eta indarra landu, eta gero proba gerturatzen doan heinean, horrekin zerikusia duena entrenatzen dugu. Medikuntza ikasten ari naiz Bilbon, eta egia esan han entrenatzea oso zaila da. Unibertsitatean pista bat dago, baina oso egoera kaskarrean. Bilbon saiatzen naiz ahal dudana entrenatzen, eta gero normalean ostiraletik igandera Tolosan entrenatzen dut, Berazubiko estadioan.

Nola duzu denboraldia hemendik aurrera?

Txapelketak bukatu zaizkit pista estalian, eta Aste Santuaren ondoren hasiko den aire libreko denboraldira begira ari gara.

Eunate Martinez de Rituerto, eskuinean, Espainiako 23 urte azpiko txapelketaren podiumean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!