Ekintzaile berrien asmoak ezagutzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 15a, 16:00

Eskualdean enpresa ekimen berriak sortu asmoz, datorren asterako enpresa kudeaketa ikastaroa antolatu dute.

Eskualdeko ekintzaile berriei zuzenduriko prestakuntza ikastaro berri bat martxan jarri dute Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek, pertsona horiek negozio plan bat burutzeko gaitasun teknikoetan trebatzeko. Proiektuaren helburuetako bat eskualdean enpresa ekimen berriak integratzea da, betiere lanpostu berriak sortzeko aukerak sortzen diren bitartean. Honela, ekintzailetasun izpiritua sustatu eta bultzatu asmoz, ekintzaileei zuzenduriko enpresa kudeaketa ikastaroa antolatu dute.

Kudeaketa ikastaroa datorren astelehenean hasiko da, eta amaitu berriz, gaur zortzi, hilaren 22an. Guztira, 20 ordu izango dira, egunean, lau orduko saioak izango dituztelarik. Saioak 09:30ean hasi eta 13:30ak bitarte luzatuko dira. 12 ekintzailek hartu ahal izango dute parte Tolosako Emeterio Arrese kalean dagoen Oriaburu eraikinean burutuko den ikastaroan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, hainbat gai jorratuko dituzte aste osoan zehar: ekintzailearen profila, finantza arloa, egitura juridikoak, fiskalitatea edota betebehar administratiboak. Egitasmoaren onuradunak, berriz, proiektu bat izan dezaketen eskualdeko ekintzaile langabetuak dira; horiek izango dute lehentasuna. Ikastaroari buruzko argibide gehiago izateko, 943 654 501 telefono zenbakira deitu edota zubeldia@tolosaldea.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!