Udate eraberrituko du Tolosako Udalak, «tramiteak errazteko»

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 14a, 12:59

Herritarrentzako Arreta Zerbitzua berritzeko lanak hasiak dira Tolosako udaletxean, eta maiatzean zabalduko dute; bitartean, Erretengibeleko lokalean eskainiko dute arreta.

Tolosako Udalak duela zenbait aste iragarri zuen Udate Herritarren Arreta Zerbitzua eraberritu eta iraultzeko asmoa, berau garai berrietara egokituz. Bada, bulegoa eraldatzeko lanak hasiak dira, eta sei asteren buruan amaitzea aurreikusi dute; maiatzean zabalduko dute. Bitartean, Erretengibeleko bulegoetan eskainiko dute arreta, Plaza Zaharrean bertan.

Finean, «Udateko tramite guztiak era azkarrago, erosoago eta pertsonalizatuagoan» egiteko aukera eskaini nahi diete tolosarrei, Olatz Peon alkateak agerraldian azaldu zuenez: «Berrikuntzak ahalbidetuko du eskaera pertsonalak bideratzea, herritarrei tratu indibidualizatua ematea, eta izaera orokorreko 250 tramiteak han bertan egin ahal izatea.

Horretarako, obraz eta bulegoko aldaketaz gain, langile gehiago kontratatuko ditu, batetik, Tolosako Udalak: gaur egun 3 langile aritzen dira Udaten, eta aurrerantzean 5 arituko dira.

Langile horiek formakuntza berezia jasoko dute zerbitzua osatu den heinean eta, baliabide pertsonalei, baliabide teknologikoak gehituko zaizkio: udal tramiteak telematikoki egin ahal izango dira, 24 orduz zabalik izango den kutxazain baten bitartez.
Horrez gain, postu bakoitzean ordainketak egin ahal izango dira, banketxeetara jo beharrik izan gabe, eta pertsona gorrentzat egokituko dute mahai bat.

Herritarrekin bilerak egiteko gune bat ere izango da, eta baita ordenagailu eta inprimagailu bat ere, herritarren eskura.

Azkenik, Udateren ordutegia zabalduko dute: 07:15etatik 14:15era izatetik, 07:00etatik 15:00etara izango da aurrerantzean.

Tolosako Udalak Gipuzkoako beste zenbait udaletako esperientziak –Errenteria, Zarautz, Amasa-Villabona eta Legazpi– erreferentzia izan ditu urtebeteko prozesuan, eta «aldaketa izugarria» ekarriko duela nabarmendu dute.

Udate Herritarren Arreta Zerbitzuaren eraberritzeak, guztira, 216. 538 euroko inbertsioa ekarriko dio Tolosako Udalari.

Hemen Udate zerbitzu eraberrituak izango duen itxuraren planoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!