Lanbide Heziketako irakasleak protestan, lanpostu finkoengatik

Irati Saizar Artola 2019ko otsailaren 14a

Urtarriletik itxialdiak egiten ari dira Lanbide Heziketako hainbat irakasle, lizentziadunak ez direnez, ezin direlako lehiatu behin betiko irakasle postu baterako.

Lanbide Heziketako irakasle talde bat protestan ari da, urtarriletik, hain justu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lan deialdi publikoetan aurkezteko aukerarik ez dutela salatzeko. Egoera horretan dago Aitzol Izquierdo Tolosaldea Lanbide Heziketako mantentze alorreko irakaslea: «2017an egin zuten deialdian jakin genuen, ezin ginela aurkeztu, ez genituelako eskakizunak betetzen, titulazio aldetik».

Unibertsitateko lizentziadunak ez direnak, ezin dira lehiatu behin betiko irakasle lanpostu baterako. Espainiako Gobernuaren 2007ko dekretu batek ezarri zuen baldintza hori. Legeak dioenez, lizentziatu gabe daudenek ordezko moduan soilik egin dezakete lan, baina ezin dira funtzionario izan. Izquierdok azaldu duenez, «lege dekretu horrek lanpostua ordezko bezala betetzeko baldintza batzuk eskatzen ditu, eta funtzionario izateko beste baldintza batzuk. Hori da ulergaitz egiten zaiguna».

Hori horrela, ezinezko zaie zentro publikoetan lanpostu finko bat eskuratzea, eta ordezkapenetan jarraitu behar izateak kezka sortu die: «Oposizioak gero eta maiztasun handiagoz egingo dituztela pentsatzen dugu eta, gu ezingo garenez aurkeztu, bete ditzakegun lanpostuak gero eta gutxiago izango dira; eta, azkenean, lanik gabe geratzeko arriskua daukagu».

Horren aurrean itxialdiak egiten hasi dira, nola Gasteizen, hala Donostian. Izan ere, EAEko 200 bat irakasleri eragiten die neurri horrek, eta tartean daude Tolosaldea Lanbide Heziketako hiru irakasle.

Duela bi urte inguru hasi ziren arazoa salatzen. Sinadura bilketa bat egin zuten erkidego mailan, eta iazko maiatzean aurkeztu zituzten Hezkuntza Sailean. Erantzunik jaso ez, eta Gasteizko itxialdiarekin hasi ziren, «egoerari ikusgarritasuna ematearren». Hori ikusita, bilera bat egitera deitu zituzten irakasleak, eta, Eusko Jaurlaritzak erantzun zien, beren eskumenetik kanpoko arazoa dela. Izquierdo: «Hori esaten duten arren, kontua da, gu Eusko Jaurlaritzak kontratatuta ari garela lanean. Beraz, gurekin batera klaseak ematen dituzten gainerako irakasleen eskubide eta betebehar berberak izatea eskatzen dugu, ez besterik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!