Boleibolean bidea eginez

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 13a, 19:58
Tolobolei Bidebideko jokalariak partida baten garaipena ospatzen Uzturpe frontoian.

Tolobolei Bidebide taldea lehenengo denboraldia egiten ari da Euskal Ligako bigarren mailan. Hamazazpi jardunaldi egin dituzte eta 10 partida irabazi eta zazpi galdu ondoren, sailkapeneko seigarren postuan doaz.

«Orain arteko balantzea positiboa da», esan du Eli Rodriguez entrenatzaileak. «Lehenengo urtea da, eta oso indartsu hasi ginen, baina pixkanaka ari gara gure lekuan jartzen». «Lehenengo partidetan emozio handiarekin hasi ginen, eta zorte pixka batekin ere bai, eta lehen hiru-lau partidak irabazi egin genituen», esan du Nagore Valles kapitainak. «Gero bosgarrengoan eta seigarrengoan, kolpea hartu genuen eta pixka bat beheraka joan ginen, baina hortxe gaude».

Helburua hasiera batean mantentzea zela azaldu du Rodriguezek, eta gero ondo joanez gero, mailaz igotzeko aukerak ikustea. «Zaila ikusten dugu, talde indartsuak daudelako, eta denbora asko daramatelako maila honetan», esan du Rodriguezek. Aurrera begira, lehen itzulian lortutakoa errepikatzen badute gustura geratuko direla dio Vallesek: «Zerbait gehiago lortzen badugu, baita ere. Azkenean lehenengo urtea da, ikasten ari gara, eta lehendabiziko aldia da talde hauek guztiekin topatzen garela, beraz, emaitza onak lortzen baditugu, primeran».

Sailkapeneko lehenengo biak igotzen dira zuzenean. «Lehenengoa oso urruti dago, eta bigarrengoa ere zaila dago. Saiatuko gara ahal dugun gehiena egiten eta behintzat gerra pixka bat ematen», esan du Vallesek. Bere aldetik, Rodriguezek gogora ekarri du bi talde oso indartsu daudela ligan: «Ibararte lehen mailatik jaitsi da, beraz bagenekien oso ondo ibiliko zirela, eta Astillerok eskola indartsu bat du. Pista beraientzat bakarrik dute eta gaztetik hasten dira».

ZALEEN GARRANTZIA

Valles eta Rodriguez ez dira berriak boleibolaren munduan. «Ni bizi guztian ibili naiz boleibolean», esan du Vallesek. «Txikitan, Tolosan aukera eman zitzaigun Eskolapioetan ibiltzeko, eta gero batxilergoko garaian alde egin behar izan nuen, ez zegoelako talderik. Orduan Donostiara joan nintzen Fortunara, eta han egon nintzen hiruzpalau urtez. Bertan Eli ere bazegoen, entrenatzaile bezala. Gero utzi egin nuen ikasketengatik».

Rodriguezek 20 urte inguru daramatza boleibolean. «Lehen mailan eta bigarren mailan entrenatu izan dut. Egun, Tolobolei Bidebide entrenatzeaz gain, Ferialekuan egiten diren ikastaroak ematen ditut», esan du.

Aurreko urtean hasi ziren entrenatzen beraien artean orain jokalariak direnak, eta pentsatzen hasi ziren taldea ateratzea. «Azkenean talde polita lortu dugu eta oso ondo ari gara. Taldeko gehienak boleibolean inoiz aritu gabeak dira, baina egia esan jendea oso gustura dabil», esan du Vallesek. Zenbaitzuk aritu izan dira aurretik Tolosan egindako ikastaroetan, baina hondartzako boleibolean.

Uzturpe frontoian jokatzen dituzte etxeko partidak, eta zaletuen animoak asko eskertzen dituztela dio Vallesek: «Leku oso hotza da, baina jendea joaten da eta berdin-berdin animatzen digu. Hasieran pixka bat harritzen nintzen, hainbeste jende animatzen ikusita. Eta guztiei eskertzen diegu, ez genuelako horrelakorik espero». Kanpoko partidetara ere zaletuak joaten zaizkie, «bonbo eta guzti» animatzera. «Eta pila bat eskertzen da, indar asko ematen dutelako». Partidak luzatu egin daitezkeela diote, hiru set irabazi behar direlako, eta zaletuen animoak ez dietela deskonektatzen uzten azaldu dute.

Tolobolei klubarentzat senior mailako taldea izatea garrantzitsua dela diote. «Boleibola ez da hainbeste ikusten den kirola», esan du Vallesek. «Orain ematen ari garen aukera garrantzitsua da. Guk edozein pertsona animatzen dugu, kirolari buruz ezer ez badaki ere, boleibola ezagutzeko eta probatzeko, eta gustatuz gero, aurrera egiteko». Bide batez, gogora ekarri dute ikastaroak egiten direla haurrentzat.

Bestalde, taldea ateratzea zaila dela diote: «Gauza asko egin behar dira, ez daukagu diru laguntzarik, eta babesleak lortu behar dira». Behin hori egin ondoren, mantentzea ere zaila dela gaineratu dute: «Denboraldi honetan hiru baja izan ditugu, eta ez dakigu zenbat jokalari egongo diren datorrenean. Guregatik, taldeak aurrera jarraituko balu, bikain. Boleibolarentzako garrantzitsua da, Tolosan beste erreferentzi bat izaten jarraituko duelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!