Ane Iturria, bigarren Espainiako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 13a, 12:58
Ane Iturria, asteburuan jokatutako Espainiako Txapelketan

Mendiko eskian lehiatu da tolosarra; Txomin Ortiz de Zarate asteasuarrak ere parte hartu du

Mendiko eskiko Espainiako Txapelketan, erlojuaren kontrako igoeran, bigarren egin du Ane Iturria tolosarrak junior mailan. Horrez gain, zazpigarren egin du norbanako proban. «Oso gustura nago bigarren postuarekin», esan du Iturriak. «Azken finean, aurreko urtean hasi nintzen mendiko eskian; mendiko lasterketetarako osagarri moduan hartzen dut». Bere aldetik, Txomin Ortiz de Zarate asteasuarrak bosgarren egin du esprinteko proban, eta zortzigarren postua lortu du norbanakoan.

Aurretik, denboraldi honetan, Baqueirako eski estazioan jokatutako Espainiako Kopan Iturria hirugarren geratu zen igoerako proban, eta esprinteko modalitatean finalean sartu zen. Aurreko urtean hasi zen mendiko eskia egiten Iturria, eta orduan kadete mailan lehiatu zen. Iaz bigarren egin zuen erlojuaren kontrako Espainiako Kopako bi probetan. Aurtengo denboraldia, beraz, lehenengoa du junior mailan.

Igoerako probak hobeto egokitzen dira bere ahalmenetara, Iturriak azaldu duenez: «Oraindik asko dut hobetzeko teknika aldetik, batez ere, jaitsieratan. Igoeretan teknika gutxiago behar denez, hobeto moldatzen naiz». Mendiko lasterketetan nabarmendu da, batez ere, Iturria, eta hortik dator mendiko eskian lehiatzeko nahia: «Ikusten nuen korrika ibiltzen zen jende askok mendiko eskia egiten zuela ere. Inbidia sartu zitzaidan eta probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan».

Kirolari tolosarrak dioenez, lasterketarako bakarrik entrenatzea «pixka bat astuna» egiten zaio: «Eskiatzen beste gihar batzuk lantzen dira, eta korrika egiten duzuenean baino inpaktu gutxiago egiten da lurraren kontra. Nik uste dut osagarriak direla mendiko eskia eta mendiko lasterketak».

Hurrengo hitzordua mendiko eskiatzaileentzat Isaban izango da. Euskal Herriko txapelketa izango da jokoan, otsailaren 23 eta 24ko asteburuan. Bertan, bi proba izango dituzte, norbanakoa eta bertikala.

Horren ondoren, martxoan, Iturria mendiko lasterketako probetan hasiko da. Espainiako Kopako lasterketetan parte hartzeko asmoa du tolosarrak, eta baita Espainiako txapelketan ere. Horrez gain, begiz jota duen aurtengo proba Zegama-Aizkorri maratoia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!