'Tolosa organikoa %100' kanpaina abian da

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 13a, 16:01

Zaindu Tolosa ekimenaren barruan, hondakin organikoa egoki bereiztea sustatzea du helburu. Bi hilabetez luzatuko da izaera informatzailea izango duen proiektu berria.

Tolosa Organikoa %100; sailkatu eta konposta bihurtu. Horrela izendatu du udalak Zaindu Tolosa ekimenaren baitan hondakin organikoa egoki bereiztea sustatzeko abian jarri berri duen kanpaina. Zumalakarregi kalean egindako aurkezpenean, Olatz Peon alkateaz gain, Karmele Agirre eta Eire Ruiz kale hezitzaileak izan ziren.

Kanpaina berri honen helburua hondakin organikoaren frakzioan tarteka agertzen diren plastikoen eta beste hondakin moten presentzia gutxitzea da. «Horiek, kalteak eragiten dituzte. Egun, Tolosan batzen den hondakinaren ia %29a organikoa da; asko bereizten da, baina erabat garbi jasotzea da asmoa», adierazi zuen Peonek.

Hondakinak bereizteko unean jokabide egokiak sustatu nahi ditu udalak. «Behar den tokira botatzen ez badira, ezin dira berreskuratu, eta baliabideak galtzen dira». Horregatik, oinarrizko hiru aldagaietan jarri nahi dute fokua: herritarren eskura baliabide egokiak jartzea, herritar horiek heztea eta kontzientziatzea.

Aurrez aurre eta sarean

Astelehenean hasi zen izaera informatzailea izango duen kanpaina. Bi hilabete iraungo du, eta hiru zatitan banatuko da. «Lehenik, hondakin organikoaren sortzaile nagusiengana zuzenduko gara, kanpainaren nondik norakoak azaltzeko, eta dituzten arazoentzat irtenbideak bilatzeko», azaldu zuen Karmele Agirrek.

«Herritar arruntengana ere helduko gara». Hain zuzen, organikoaren edukiontzien egoera ikuskatuko dute, gaizki sailkatutako poltsak atera eta erakusgai jarriz, errefusaren edukiontzira bota aurretik. Edukiontzietara gerturatzen diren herritarrei laguntza eskaini eta azalpenak emango dizkiete. Gainera, etxe atarietan kartelak jarriko dira, organikoa ondo sailkatzeko argibideekin, orain arte detektatu diren akats ohikoenak azalduz.

Aurrez aurreko harremanaz haratago, sare sozialetan ere presentzia izango dute. Eire Ruizek adierazi zuenez, «Instagramen eta Twitterren, @tolosaorganikoa orrialdean, herritarren zalantzak argitzen saiatuko gara». Horretarako, gaizki sailkatutako elementu adierazgarrienen argazkiak publikatuko dituzte.

Poltsen garrantzia

Bestalde, udalak poltsa konpostagarrien erabileran sakondu nahi du. «Askok bereizten dute, baina erabiltzen den poltsa ez da udalak banatutakoa izaten», aitortu zuen Peonek. «Garrantzitsua da; plastikozko poltsak erabiliz gero, barruko hondakinek, bereizita egonda ere, edukiontzia kutsatu dezaketelako».

Udalak eskaintzen dituen poltsa konpostagarriak jasotzen ez dituzten etxebizitzak identifikatu dira. «Horietara gutun bana bidaliko da, erabiltzeko gonbita eginez». 60.000 euro inbertitzen dira urtero poltsa horiek erosteko, eta doan eskuratu daitezke zezen plazan eta kultur etxean.

2018an, % 70eko tasa

Organikoaren kudeaketa kostua (tonako 121,18 €) errefusarena (tonako 173,12 €) baino merkeagoa dela ere gogorarazi zuen Peonek. «Ingurugiroari mesede handia egiteaz gain, ekonomikoki ere oso garrantzitsua da ongi bereiztea». 2018an, 7,3 milioi kilo hondakin jaso ziren Tolosan; biztanleko ia 375 kilo. Horietatik birziklagarria, %70 izan zen. «Ehuneko oso ona da, baina hobetzeko tartea dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!