Kalitatezko osasun arreta da behar duguna

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez De Rituerto 2019ko ots. 13a, 16:00

Osasuna gure bizitzen zutabeetako bat da, oinarrizko giza eskubidea eta ongizatearen funtsezko elementua. Kalitatezko osasun zerbitzu publikoak izatea justizia sozialean eta ekitatean sakontzea da.

Egun, lehen mailako arreta zentroez gain, Asuncion klinika, eskualdeko osasun asistentziarako erreferente garrantzitsuena da eta ez du herritarrok merezi dugun zerbitzua bermatzen.

Hasteko, eraikina zaharkitua dago eta ez du beste ospitaleek eskaintzen duten kalitate maila bera eskaintzen.

Gainera, langileen lan baldintzak (ordutegiak, soldatak…) eta langile kopurua ez dira egokiak. Hala ere, ikaragarria da bertako langileen ardura eta profesionaltasuna, baldintza hauetan ere. Zenbait espezialitateetan ez dago espezialistarik eta beste batzuetan behar direnak baino gutxiago daude.

Bestetik, Asuncion klinika ez dago Osakidetzaren informazio sistemaren barruan eta gure txostenak ez daude eskuragarri, eta euskarazko arreta ez dago bermatua. Urtez urte okerrera egin dute aipatutako baldintza hauek eta eragin negatibo oso nabarmena dute herritarroi eskaintzen zaigun osasun zerbitzuaren kalitatean. Eta hara non, egoera gordin honen erdian, Asuncion klinikari fundazio bat sortzea bururatu zaio. Ez dira gai gutxieneko kalitatezko arreta bermatzeko, eta orain, «formakuntza, ikerketa eta berrikuntza, eta ezagutza jendarteratzea» helburu dituen asmakizun berri honekin azaldu zaizkigu. Ni, pertsonalki, iraindua sentitu naiz. Denok dugu Tolosaldeko osasun arretaren errealitate prekarioaren berri eta aurkezpen arranditsu hori, mago kaskar baten despisterako trikimailuaren tankerakoa iruditu zait. Propaganda ariketa makurra. Tontotzat hartu nahi gaituzte.

Tolosaldean kalitatezko osasun arreta publiko eta integrala bermatuko duen plan estrategikoa behar dugu, eta hainbat puntu jaso beharko lituzke. Ospitale publiko berria behar da, kudeaketa ekonomikoaren gardentasuna eta inbertsioa gainontzeko lurraldeen mailakoa izango duena, eta osasun zerbitzu guztien integrazioa eta koordinazioa bermatuko duena.

Zerbitzuak eskatzen duen langileria izan beharko du, kopuruz zein espezializazioz, eta gaixo bakoitza nahi duen hizkuntzan artatuko da.

Azkenik, osasunaren sustapenean eta prebentzioan sakontzea bermatuko du, eskualdeko herritarren beharretara egokitutako zerbitzuak eskainiz.

Merezi dugun osasun arreta lortu nahi badugu, denok bat eginda joan behar dugu.

Andu Martinez De Rituerto
EH Bilduko Tolosako alkategaia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!