Herriko bideak garbitzen eta diseinatzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 12a, 20:05

Tolosako Urkizu auzoaren ikuspegia.

Bi urtetarako mantenu plana jarri dute abian Tolosan; proiektuaren helburua bizi kalitate hobea bermatzea da.

Tolosako landa bideak eta bide bazterretako sastrakak garbitzeko bi urteko plangintza osatu du Udalak. Helburua herriko erabilera publikoko bideak baldintza onetan mantentzea da. Udaletik esan dutenez, «landa eremua eta hirigunearen arteko bide sarea egoki mantentzeko proiektuaren baitan kokatzen da». Bide horiek, baserritar eta auzotarren aldetik eta natur eta kirol turismoaren ikuspegitik, «erabilera anitzekoak direla» aitortu dute.

Horegatik, landa ibilbideen berreskurapen, zaintza eta bide berrien sorkuntzan dihardu udalak. «Bertakoen bizi kalitatea bermatu, eta bestelako ekintzak sustatu ahal izateko, bideen kudeaketa egokia egitea». Hain justu, behar horri erantzuten dio mantenu plan berriak.

Bide publikoen bazterretako sastrakak garbitzeaz gain, zuhaitzak eta luizi txikien ondorioz eroritako lurra eta haitzak ere kenduko dituzte. Baserrietara doazen bideetan, bi garbiketa egingo dituzte urtean. Lehena, udaberrian, apirilaren 1etik ekainaren 30a bitarte; bigarrena, udazkenean, irailaren 1etik azaroaren 30a bitarte. Beste bideetan, berriz, urtean garbiketa bat egingo da, neguan, urtarrilaren 1etik apirilaren 1a bitarte. Guztira, 63.949 metroko eremua garbitzea aurreikusi du udalak; %90, 58.136 metro, baserri bideek eta landa bideek osatzen dute, eta %10, 5.813 metro, ezohiko zerbitzuetara bideratuko da. Bi urtetarako plangintza da, eta guztira, 44.000 euroko inbertsioa burutuko du udalak.

Ibilbide berriak diseinatzen

Bestetik, udala landa auzoetan oinezkoen ibilbide berriak diseinatzeko azterketak egiten ari da. Egungo ibilbide homologatuen analisia egin da, eta herritarren ekarpenak ere jaso dira. Otsailaren bigarren hamabostaldian, auzotarrekin burutuko dira parte-hartze saioak; landa-auzo bakoitzeko saio bat.

Behin auzotarrekin hitz eginda, bigarren bilera ireki bat burutuko da mendi talde eta alorreko eragileekin. Horrela, martxoan proposamen berriak prest egongo dira. Ingurumen Sailak auzo bakoitzean gutxienez bi ibilbide abian jartzeko konpromisoa hartu du. Martxan jartzeak ibilbidea prestatu, atondu, seinaleak jarri, behar ezberdinak estali eta mantenu lanak burutzea dakar. Egun, Tolosan, homologatutako 3 ibilbide motz daude, Aldaba, Urkizu eta Bedaio auzoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!