Olatz Peon alkateak eman dio inaugurazio ekitaldiari hasiera. "Artelana polita da, baina gehien gustatu zitzaiguna, artelan horrek atzean daukan filosofia da", azaldu du Peonek. "Bide batez eskertu nahi ditut ekitaldi honetan parte hartuko duten eragile guztiak", eta nabarmendu du: "Munduan dauden gatazka guztiei egiten die erreferentzia Albertok, eta hori azpimarratu nahi dut. Horregatik artelanak oraindik eta garrantzia handiagoa hartzen du, eta unibertsalagoa bihurtzen da" .
Christian Fernandez zinegotziak, "Antzinako mamuak albo batera uzten saiatu behar gara, indarkeriarik gabeko etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko", adierazi du.
Atzetik, Ibai Iriarte zinegotziak hartu du hitza, eta lehenik eta behin Alberto Letamendi zoriondu nahi izan du, "jende guzti hau eskulturaren bueltan bildu izangatik". Oso ondo borobiltzen duela esan du "gatazka eta biolentziaren inguruan egiten dugun irakurketa". Oinarrian dagoenari eutsi nahi izan dio: "Botere harreman desorekak dira. Izan gizon eta emakumeen arteko biolentzia, hizkuntza eskubideak edo izan herri honek bizi duen gatazka politikoa. Botere desorekak dira biolentzia guzti horien jatorri, eta uste dut eskultura honek ideia horri buelta handi bat ematen diola". Eskulturaren inaugurazioarekin eskubide berdintasunaren gaineko ibilbidean pausu bat gehiago eman dutela nabarmendu du: "Botere harremanak dira berdindu behar ditugunak, eta izan dadila hausnarketa kolektibo honen beste urrats bat gehiago, etorkizun hobe baterako bidean".
Hasierako hitzei musikak hartu die lekukoa Juantxo eta Miren Zeberioren eskutik, eta ahotsa, Laskorain abesbatzako haurrek jarri dute.
Bizikidetze Foroko kideek luze hitz egin dute: "Urte luzetan pairatu dugun indarkeriak, Tolosan, haustura eta sufrimendu asko utzi ditu. Orain artean bakoitzak bere aldeko edota berarengandik hurbilen egon diren biktimak soilik ikusi ditu, eta horrexegatik herritar bezala sufritu duten guztiei aurpegia jarri behar diegu. Ezezagunak diren testigantzak entzunak izan behar dira. Isilik egon diren herritarrei beldurrik gabe hitz egiteko aukera eman nahi diegu. Eurak entzunda gertatutakoaz jabetzea errazago izango zaigu. Samina elkarrekin konpartitu eta sentitu nahi dugu, ahuleziak eta gabeziak osatze aldera. Asko dira zauriak eta hausturak, eta hauek ixten joan behar gara. Baina, itxi aurretik, aurrez aurre begiratu eta sendatzen saiatu behar gara. Biktima guztiak denonak direla adierazi nahi dugu, eta horretarako toki berdinean eta batera jarri nahi ditugu, sufritu duten guztiak errekonozitu eta erreparatzeko helburuarekin".
Txalo zaparradaren ostean, musikak lagunduta, Igor Estankonak poesia errezitatu du, eta jarraian, Laskorain abesbatzako haurrek abestu dute.
Ekitaldiarekin bukatzeko, Alberto Letamendi egileak, bere artelanaz hitz egin du: "Eskulturara gerturatuz gero, bakoitzak dauzka bere zehaztasuna, bere zuloak, bere akatsak... Hori dena da biktimek daramaten zama. Norbanako zauriak, denak dira ezberdinak eta bakarrak. Urrunduz gero, berriz, txoriak bezala, panoramika bat ikusten da, eta jendartea osotasunean ikustea ahalbidetzen du". Esker asko banatu ditu Letamendik, baina horien artean, bikoteari ere eskerrak eman nahi izan dizkio, eskulturan jarriko den testuan bere hitzak ezin hobeto jarri dituelako.
"Eskultura pentsatu nuenean 60 figura zeuden, baina, paretan jartzen ari nintzela 58 jarri nituenean, dena eginda zegoela ikusi nuen. Eta bi eskultura horiekin, dohainik egin duten lanagatik, bi pertsona eskertu nahi ditut bihotzez. Garbiñe Biurrun eta Juantxo Zeberio". Amaieran, Biurrun eta Zeberiok, oroigarri bana jaso dute Letamendiren eskutik.