Ekitatez joka dezatela eskatu du TOPAk

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 8a, 19:57

Azken 35 urteetan Osakidetzak eskualdean utzitako zorrak ezagutaraziko ditu plataformak, bihar eguerdian, Tolosako Kultur Etxean.

2018ko martxoan Tolosaldeko osasun arretaren inguruan udaletxean egindako batzarra gogoan du, oraindik, TOPAk. «Bertan, alderdi politiko, sindikatu, langile, eragile eta herritarren artean lan-mahai bat osatzeko proposamena sortu zen», diote plataformatik. Bilera hartatik ateratako ondorioak «Lakuan aurkeztea» zen asmoa; helburua, berriz, «EAEko beste eskualdeek jasotzen duten arreta-kalitate bera izatea».

Plataformako kideak desados agertu dira EAJ eta PSE-EE alderdietako kideekin: «Mahai horretan parte hartzeari uko egin zioten, osasun arloko eskumena, udalari ez, baizik eta jaurlaritzari dagokiola argudiatuz». Plataforma babesten dutenek, ordea, lanean dihardute, «osasun arretak jasandako ekitate ezari buruzko datu gehiago ezagutarazteko».

Azken 35 urteetan, gainerako eskualdeekin alderatuta, Tolosaldeko osasungintzak diru-kantitate baxuagoa jaso duela ere azaldu dute. «Konparazio-azterketa hau horrela izendatu dugu: Osakidetza-Osasun Sailaren zorra Tolosaldearekin». Gainera, eskualdeko osasungintzarekin ekitatez jokatzeko zenbait zor kitatu behar dituela nabarmendu dute. «Hitzarmena sinatu zenetik, 200 euro zor dizkigute urteko eta biztanleko». Azaldu dute, diru hori ez dela euren zuzeneko arretara bideratu eta, ondorioz, kalkulatu dute, «Osakidetzak Tolosaldean 35 urtean metatu duen zorra, gutxienez, 125 milioi eurokoa dela».

Horregatik guztiagatik, TOPAk herritarrak deitu ditu, bihar, 12:00etan, Tolosako kultur etxean egingo den batzar orokorrera bertaratzera. Bertan, «informazio gehiago eta datu zehatzagoak» emango dituztela azaldu dute.

Tentsioa, azken osoko bilkuran

Urtarrileko azken asteartean ospatu zen hileroko osoko bilkura Tolosako Udaletxean. Bertan, ez zen osasunaren inguruko mozio edo hizketagairik aurkitzen, baina galderen eta erreguen tartean, Asuncion Klinikaren egoera mahai gaineratu nahi izan zuten herritarrak izan ziren.

Bertaratutako mediku batek, eskualdeko osasungintzaren egoeraren berri eman zuen, batez ere pertsonalaren arazoaren inguruan, “jasangaitza eta amaigabea” dela adieraziz. Bestetik, alderdi guztien artean “informazio desberdinak” mugitzen direla ere aipatu zuen.

Gaixo baten kasua ere mahaigaineratu nahi izan zuen bertaratutako herritar batek. Klinikan izandako arazoez mintzatu zen eta medikuek emandako azalpenekin desados zegoela aitortu zuen. Peonek, ordea, kasu pertsonalen inguruan, bilkuratik kanpo eta berarekin aurrez aurre hitz egiteko aukera luzatu zion, “ez zelako leku egokia, eta bestela gehiegi luzatuko zirelako”.

“Ez gara hain onak, ezta hain txarrak ere”, gaineratu nahi izan zuen baldintzen inguruan aritu zen Klinikako beste langile batek. Alkateak honako hitz hauekin eman zuen bukatutzat bilkura: “kontu honekin etengabe lanean ari gara, alderdi guztiekin bilera ugari egiten, eta gabezi bat baldin bada, hori betetzen ahaleginduko gara”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!