Mugikortasun Plana lantzen ari da udala

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 8a, 19:58
Tolosan, leku batetik bestera mugitzeko, garraiobide aproposa da Hiribusa. JOSU ARTUTXA

Herritarrekin batera aurrera eramaten ari den proiektu berriak, genero ikuspegia barne hartuko du, eta eredu seguruagoa, berdeagoa eta eraginkorragoa du helburu.

Tolosako Udala Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Plana garatzen ari da. Tolosa Badabil izeneko dinamikaren bitartez. Lehen lan saioan Mugikortasun Mahaia osatu zuten, haur, gazteria eta adinekoen bueltako, mugikortasun alorreko eta lan erreproduktiboko eragileekin, kirol taldeekin eta auzo elkarteekin.

Tolosako Mugikortasun Planaren diagnosia aurkeztu ondoren, Tolosako Mugikortasun Mahaiak bere ekarpen eta moldaketak proposatzeari ekin zion. Hilabete honetan, berriz, proposamen zehatzak azalduko dituzte, hirugarren saioan, mugikortasun plana adostu aurretik. Gerora, mahaia urtean bitan batzea aurreikusi dute, planari jarraipena emateko. Udaletik azaldu dute, «eragin kaltegarriak dituzten inpaktuak murriztea helburu duen mugikortasun kultura berria bultzatzen» dihardutela. Plan horrek kontuan hartuko ditu bertako nahiz inguruko herrietako pertsonen eta kolektiboen ikuspuntua eta beharrak.

Planak hiriko mugikortasun-arazoak konpontzeko testuinguru orokorra finkatzen du, egindako lan eta azterketetatik abiatuz. Horiek ziurtatu dute, emakumezkoek eta gizonezkoek garraiobide desberdinak erabiltzen dituztela: «Hortaz, beharrezkoa izango da genero-ikuspegia aintzat hartzea».

Egun, kotxeari eta bere erabiltzaileei begira eraikitako eredua da nagusi. Baina, modelo horrekin bat ez datozen sektoreen beharrak ere aintzat hartu beharrekoak direla adierazi du udalak. Herritarrentzako segurua, eraginkorra, autonomoa, berdea eta berdinzalea izango den mugikortasuna du helburu. «Oreka bat bilatzea beharrezkoa izango da, desgaitasunen bat dutenak ahalik eta erosoen mugi daitezen».

Udalak Mugikortasun Mahaiko kide direnen ekarpenak jasotzetik harago joan nahi du. Horretarako, atal propioa du www.tolosa.eus webgunean eta, planaren informazioa emateaz gain, herritarrek beren iritzia igortzeko aukera dute. Gainera, Tolosako gune nagusietan inkesta bat jarri dute herritarren eskura; otsailaren 15a bitarte bete ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!