Rondilla kalea bost egunez itxiko dute, asfaltatze lanengatik

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 8a, 10:54

Astelehen goizean hasi, eta ostiral arratsaldera bitarte luzatuko dira lanak. Ondorioz, autobusen geralekuak lekuz aldatuko dira.

2018ko aurrekontuan jasotako Asfaltatze Plana amaitzear da: datorren astean gauzatuko dira azken lanak Rondila kalean. Kale osoko asfaltatzea burutuko da bertan. Lanak astelehenean, otsailak 11, goizeko 8:00etan hasiko dira eta ostiralean, otsailak 15, arratsaldeko 20:00etan amaitu. Hori dela eta, kalea trafikoari itxita egongo da, eta autobus geltokiak lekuz aldatuko dira.

Hiribusa

Rondilla kaleko 34 zenbakiko geralekua Santa Klarara (Zumardi Txikia) aldatuko da eta San Frantzisko elizakoa, Foruen etorbidera.

Ibilbidearen abiapuntua, Santa Klarako geltokia izango da; beraz, Asuncion Klinikatik jaisten denean, ez da Jon Andoni Irazusta pasealeku (Biala) aldera joango eta Santa Klaratik abiatuko da zuzenean.

Santa Luzia eskola guneraino iristen diren zerbitzuak, Jon Andoni Irazusta pasealekutik joango dira, Trinkete eta Larramenditik Santa Luziraino, eta ondoren, Bialetik barrena Santa Klarara ibilbidea abiatzeko. Honakoak dira zerbitzuaren ordutegiak Bialeko geralekuan: 7:50 – 8:30 – 14:24 – 15:07 eta 16:32.

Bestelako autobus zerbitzuak

Ibilbide luzeko autobusek, TSST zerbitzukoek, eta Tolosaldeko herrietako zerbitzuetako autobusek, beren geltokia aldatuko dute Rondilla kaleko 34 zenbakitik Santa Klarara (Zumardi Txikia).

TSST zerbitzukoak, Zubi Berria, Nafarroa etorbidea, Foruen etorbidea eta San Frantzisko kaleetatik barrena zezen plazara iritsiko dira.

Tolosaldeko autobusen kasuan, San Frantzisko elizako geltokia Foruen etorbidera lekualdatuko da. Hortaz, Rondilla kalea eta San Frantzisko elizako geltokiak zerbitzutik kanpo geratuko dira.

Eraberritze lan gehiago

Orain arte, 2018ko asfalto lanak ondoren adierazitako eremuetan egin dira: San Esteban auzoan, Andre Maria kalean eta San Blas auzoan (Hilerriko bidean). Kasu honetan, gainazalak asfaltatu dira eta kaltetutako seinaleztapen horizontala berritu.

Bestetik, herriko zenbait gunetan, mantentze lanak ere burutu dira: Usabalen Sagardotegiko bidean, Pedro Tolosa kalean, Iparragirre kalean, Donostia etorbidean, Bentaundi auzoan, Bizkaia kalean, Iurre auzoan (Eroski inguruan) eta San Frantzisko pasealekuko 28 eta 30 zenbakien artean. Horietan, zuloak estali eta kaltetutako seinaleztapen horizontala berritu da.

Guztira 300.000 euroko inbertsioa burutu du Udalak ia 10.000 metro karratuko gainazalean asfaltoa berritzeko lanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!