Berdintasun kongresua, egungo egoera eta erronkak ulertzeko

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 8a, 12:59

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosan antolatu du Berdintasun Kongresua. Gipuzkoaren etorkizuna indartzeko gako berrien bila, berdintasunaren aldeko eskaera sozialei jarriko diete arreta, Leidor aretoan egingo duten kongresuan.

Erreferentziazko hizlariak ariko dira Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresuan, eta hilaren 14ean eta 15ean, bostehunetik gora parte hartzaile hartuko ditu.

Azken urteetan gizarte mailan indarberrituz azaleratu diren emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko eskaera sozialen inguruko analisia egitea du helburu. Aldundiak, hala, bere ekarpena egin nahi du kongresuarekin: «Hausnarketarako eta topaketarako elkargune bat eskaini eta, etorkizun ikuspegi batekin, berdintasunean sakontzeko agenda publikoan aurrerapausoak ematen jarraitzeko».

Gaian adituak diren lehen lerroko pertsonak ekarriko dituzte Tolosara. Hitzaldi eta hainbat panelen bitartez, berdintasunaren aldeko mugimenduen egungo egoera eta erronkak ulertzeko analisi-elementuak jarriko dituzte mahaiaren gainean.

Hainbat irakurketa sozial

Ekonomia, politika publikoak, zaintza lanak, indarkeria matxista eta agenda feminista globala aintzat hartuta, mugimendu horren hainat irakurketa sozial eskainiko dituzte adituek. Hitzaldien osagarri, mugimendu feministako, gizarte eragileetako, enpresa munduko, politikako eta administrazio publikoko pertsona nabarmenek hainbat paneletan parte hartuko dute, Leidorren.

Lehen eguneko hitzaldi nagusia Rosa Coboren eskutik izango da. A Coruñako Unibertsitateko irakasleak Berdintasunaren aldeko politika publikoen historia eta paperaz hitz egingo du. Jarraian, Italiako Modena e Reggio Emilia Unibertsitatetik bertaratuko den Antonella Picchiok, panelen bidez, Sistema ekonomikoa sostengatzen duten oinarriak ikuspegi feminista batetik jorratuko ditu. Angela O'Hagan eskoziarra ere Tolosan izango da, eta Zein da ekonomia feministaren planteamendua eta zer erronka aurkezten dira? galderari tiraka ariko da. Eguna bukatzeko, zaintza lanei heltzeko ereduak, enplegua zaintza lanetan edota gizarte berrantolaketa zaintzaren beharrei erantzuteko jorratuko dira, panelen bidez.

Bigarren egunean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren funtzio soziala jorratuko du Nerea Barjolak. Agenda feminista globalari ere helduko diote, Zeri erantzuten dio eta zer erronka dakartza? galderari erantzunez.

Bukatzeko, arratsaldez, azken hausnarketak egingo dituzte, politika publikoetatik berdintasuna eraikitzeko gakoak jasotzen saiatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!