Lucas Ugarte Tolosara ekartzeko eskaera prozesua abiatu du familiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 8a, 08:59

Erorien Haranean lurperatuta dagoen Lucas Ugarte Plaza tolosarraren gorpua herrira bueltan ekartzeko asmoa dute. Atzo goizean, Tolosako udaletxera gerturatu ziren, azken osoko bilkurako akta jasotzera.

Karmele Ugarte, Koro Ugarte, Nerea Ugarte eta Juan Ramon Insausti Ugarte bilobak, eta Ekhiñe Atorrasagasti Karmele Ugarteren alaba, urtarrileko osoko bilkuraren lekuko izan ziren, Tolosako udaletxean. Orduan, Tolosako Udalak aho batez onartu zuen Lucas Ugarteren gorpua "merezi duen tokira" bueltan ekartzeko eskaera.

Atzo leku berera itzuli ziren familiako kideak. Garai haietako kontakizunak eta argazkiak gordetzen joan dira, egungo egoerara heldu arte. Dokumentu horiek eskuartean izan zituzten atzokoan. Hala ere, eginkizun nagusia, eskaera orria Justizia Ministro Dolores Delgadori eta Memoria Historikoko zuzendari Fernando Martinezi bidaltzea izan zen.

“23 urte zituela Levanten hil zuten, atzetik tirokatuta, eta ondoren, Teruelen lurperatu. Orain egia osoaren jakitun gara. Lucas familia barruan agertu zaigu bere osotasunean, bizi zenean bezala”. 1938an, Tolosara ekarri zuen bere ama Beremunda Plazak, senideen ondoan lurperatzeko.

23 urte geroago, Erorien Harana eraikitzeaz amaitu zutenean, Tolosako eta Gipuzkoako garbiketa bat egin zuten, bertatik hainbat gorpu eraman zituztelarik, “baimenik eta dokumentaziorik gabe”.

68 tolosarrekin batera lurperatu zuten, sarrera egun berean dutenak. “3 horma-hilobien zenbakiak eman dizkigute, eta horietan gipuzkoar asko daude. Baina, ez dakigu zein kondiziotan aurkitzen diren hilobi horiek”. Negar egingo luke, bere amak baleki... kantu ezagunaren letrak abestu zituen Karmelek, atzo, udaletxe atarian.

“Orain, hurrengo belaunaldikoak, egoera honetaz kontziente izanda, eskaera egitera goaz. Tolosara ekarri, eta duintasunez lur ematea, amaren eta gainerako senideen ondoan atseden har dezan”. Lan honetan, 16 senide bildu dira, eskaera egin eta ekartzeko prest. Hala ere, eta nahiz eta aho batez Tolosako Udalaren babesa jaso, “umezurtz” sentitzen dira, EAEn ez dagoelako Memoria Historikoaren legerik, Nafarroan edota Aragoin ez bezala. “Legeak herritarrari babesa ematen dio, eta egindako eskaerak errealitate bihurtzea ahalbidetzen du. Gu honaino heldu gara, baina gehiago behar dugu. Lucas etxean nahi dugu”.

Hasi berri den prozesua luzea izango da familiarentzat, baina erakunde publiko batek eskaera onartzea zen lehen urratsa. Orain, osoko bilkurako akta jasota, eskaera egin dute, nahiz eta Correos-en bitartez egin behar izan: «Udalak ez ditu bitarteko guztiak betetzen eskaera Madrilera bidaltzeko».

Bilkuran, alderdi guztien babesa

Urteko lehen osoko bilkura izan zen, urtarrilaren 29an, Tolosako Udalean, eta Lucas Ugarte Plaza tolosarraren gorpua Erorien Haranetik jaioterrira lekualdatzeko eskaera izan zen gai nagusia: aho batez onartu zuten.

Mozioa hiru udal taldeek aurkeztu zuten, eta Peio Etxabe EH Bilduko zinegotziak irakurri zuen. Udalak, Espainiako Gobernuari egin dion eskaera dela eta, Lucasen gorpuzkinak Tolosako hilerrira ekartzeko Ugarte Plaza familiari laguntza ematea babestu zuen. Akordioa, gainera, Justizia Ministro Dolores Delgadori eta Memoria Historikoko zuzendari Fernando Martinezi bidaltzea ere onartu zen, jakitun izan daitezen. Azkenik, alkateari beharrezkoak diren agiriak sinatzeko baimena eman zioten. Alderdi guztiek elkartasun hitzak izan zituzten familiarentzat.

Ondoren, familiako kideek hartu zuten hitza, emozioz beteta. «Lucas ez zen norbanako bat izan, herrian oso sartuta zegoen familia langile bateko kidea baizik» adierazi zuen bere iloba Karmele Ugartek. Gainera, senide guztiek esker hitzak izan zituzten, udal ordezkarientzat, eskainitako babesagatik. Peonek gaiari «jarraipen zabala» egingo diotela azaldu zuen.

80 tolosar, Erorien Haranean

Zenbait ikerketa lanek adierazten dutenaren arabera, 1.091 Euskal Herritarren gorpuak daude Erorien Haranean. Horietatik 231 dira gipuzkoarrak, eta zifrak guztiz zehatzak ez badira ere, tartean, 80 tolosar daudela diote ikerketek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!