Urteko lehen azoka bereziak hartuko du Tolosa

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko otsailaren 7a

Euskal Herriko 16 mintegik postua jarriko dute, larunbatean, Tolosako Trianguloa plazan; erosleen zalantzak ere argituko dituzte.

Urteroko moduan, zuhaitz eta landareen azoka bereziak zabalduko du, Tolosako azoka berezien denboraldia. Larunbatean Euskal Herriko 16 mintegitako arduradunak elkartuko dira Trianguloa plazan eta, beren produktuak eskaintzearekin batera, bezeroek landareen inguruan dituzten kezkak eta zalantzak ere argitzen saiatuko dira.

08:30ean hasita, 14:00ak bitarte plazan izango dira postuak, eta Tolosako Udalak nabarmendu egin nahi izan du Ataungo Dorronsoro mintegia: urtarriletik martxora bitarte, hilabeteko bigarren eta laugarren larunbatetan, Atadi kalean zuhaitz eskaintza prestatzen du azoka egunez. Dena den, etzi, azoka berezia dela-eta, Trianguloa plazan izango da bera ere.

Horrela, zuhaitz eskaintzaz gain, fruta arbolak limoiondoak, laranjondoak, sagarrondoak, baso landareak pinuak, pagoak, haritzak,... , apaingarriak eta zuhaixkak eskuratu ahal izango dira, Tolosan, larunbateko hitzordu berezian.

Postuen arduradunak, berriz, honako mintegiak izango dira: Arakama anaiak (Zegama), Aranburu (Aginaga), Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Blasenea (Zarautz), Dorronsoro (Ataun), El Montañes (Tafalla), Urkizu (Anoeta), Txomin Bilbao (Kortezubi), Artadi (Igorre), Sairu loreak (Usurbil), Zurlan (Anoeta), Zubialde (Beintza-Labaien), Aleka (Gipuzkoa) eta Ortuberri (Iurreta).

Azkenik, aipatzekoa da, larubateroko azokak bere horretan jarraituko duela Zerkausian, Berdura plazan eta Euskal Herria plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!