[Publirreportajea] 3 Tabernak musika, pizza eta dantza ditu ardatz

Ataria 2019ko ots. 5a, 19:58

Bihartik aurrera izango da martxan 3 Taberna, Tolosako Oria kalean; ostalaritza eta kultur adierazpenak uztartuko dituzte bertan, eta giro alaia, errespetuzkoa eta euskalduna sortzeko asmoa dutela diote.

Bihar zabalduko dute 3 Taberna-pizzeria berria Tolosako Oria kalean, zezen plazaren parean, hain zuzen. 3 Taberna-pizzeriako lagunek ez dute ohiko taberna bat izan nahi, eta hori dela eta, musika, pizza eta dantza ardatz gisa hartuko dituzte, beste hainbat gauzaren artean. Patxi Egilaz Bernabe eta Imanol Luque Ruiz de Egilaz dira proiektuaren arduradunak. Egilazek tabernaren ardura izango du, eta Luquek, berriz, sukaldearena.


Etengabeko bilakaeran egongo da taberna berria, bai lekuaren diseinu eta estetikan, baita sukaldaritzari dagokionez ere. 3 Tabernak Tolosako panorama artistikoaren erakusleiho izan nahi du, eta hasteko, eskualdeko hainbat margolarien lanekin erakusketa egingo du. Grafitigileek, margolariek... nahi duenak bere lana bertan erakusgai jartzeko aukera izango du. Hala, tabernari kutsu urbanoa eman nahi diotela esan dute. Grafiti horietako baten bidez, eremu horretan egon zen fabrika irudikatuko dute, langileriaren memoria historikoari keinu txiki bat eginez. Halaber, Xabier Anuntzibai eta Sebas Veslasco artistek horma-irudi bat egingo dute, elkarlanean.


Tabernan beste zenbait kontzeptu kontuan izango dituzte, hala nola, kontsumo motari begirakoa. Adibidez, material birziklatuekin osatutako terraza izango dute. Era berean, produktuak ahal diren gertukoenak izango dira eta plastikoa ahal den gutxien erabiliko dute. Astegunetan afariak emango dituzte, eta asteburuetan bazkariak eta afariak. Pizzak izango dira kartako elementu nagusia, baina errazio eskaintza zabala izatea ere aurreikusi dute. Gosez geratzen direnentzat, etxean egindako tartak izango dituzte aukeran. Egun guztian irekita izango da, 10:00etatik aurrera.


Lekua beharren arabera moldatuko dute: otordu-garaian jatetxea izango da, asteburuko gauetan dantzaleku itxura hartuko du, eta tarteka, emanaldi bat lasai eserita ikusteko aukera izango da bertan, mokadutxo bat hartzen den bitartean. Gainera, espazio bat ere atonduko dute, taldeek bilerak egiteko. Iragarki taula bat ere izango dute sarreraren parean. Taula dinamikoa izatea nahi dute, eta inguruan egingo diren emanaldien, jardueren eta abarren berri eman horren bidez.


Euskarari garrantzia emango diote, eta karteldegia zein zerbitzua euskaraz izatea bermatuko dute. Lehenengo hitza beti euskaraz izango da. Musikak presentzia berezia izango du, eta, batez ere, mende honetakoa izango da, bereziki azken hamarkadakoa. Erritmo alaiak izango dira nagusi, eta emakumeen ahotsek leku nabarmena izango dute. Proiektu berri horren arduradunek oso garbi dute ez direla jarrera matxistak onartuko, eta 3 Tabernan jendeak aske eta begirunez egoteko aukera izango duela.


Horrez gainera, 3 Tabernak beste bereizgarri bat izango du: igande arratsaldero emanaldi bat programatuko dute. Antzezlanak, bertsolariak, bakarlariak, kontzertuak, lehen pausoak eman nahi dituzten eskualdeko musikariak..., denentzat lekua izango da. Larunbat arratsaldetan, hilean behin, haurrentzako emanaldiak antolatuko dituzte. Era berean, haurren aisialdia eta premiak kontuan izango dituzte, eta beharrezkoa denean hauei zuzendutako txoko bat prestatuko dute.  


Otsailaren 6an, hau da, bihar, irekiko dituzte ateak, 19:00etatik aurrera, eta hasierari gogotsu ekiteko emanaldi bereziak antolatu dituzte. Kilimak euskal runba-taldea izango dute otsailaren 8an, ostiral gauean, jendea dantzan jartzeko. Larunbat arratsaldean Txan Magoaren ikuskizuna izango da etxeko txikienentzat, eta gauez, Little Martin Selektah-k platerak astinduko ditu. Asteburua bukatzeko, Ovarios verdes fritos antzezlana izango da ikusgai igandean. Dena dela, 3 Tabernakoak pasa den astean hasi ziren Tolosan jendearengan jakin-mina pizten, Whatsappen eta sare sozialen bidez. 3 txerrikumeei, edo Picassoren 3 musikariei, edo Donostiako 3 damatxoen, edo Big Mouth telesailaren 3. kapitulari buruzko mezuak zabaldu dituzte, tabernaren irekiera aurreko kanpaina gisa. Tolosarrak eta inguruko guztiak gonbidatuta daude inauguraziora.

3 taberna

Helbidea: Oria kalea 12, behea
Telefonoa: 688 77 37 33
Posta elektronikoa: 3taberna@gmail.com
Facebook: @hirutaberna
Instagram: @3taberna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!