AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak ekimen berritzailea antolatu zuen, atzo, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Hain zuzen, minbizia izan duten pertsonek, elkarteko psiko-onkologoen laguntzarekin, beraien testigantzak eskaintzeko aukera izan zuten, herri desberdinetan. Horrela, egun osoan zehar, paziente eta psikologoek osatutako lau talde hamar tokitan izan ziren.
Topaketa horien helburua, «gure gizartean hainbeste entzuten den, baina era berean, oso ezezaguna den gaixotasuna eguneroko bizitzara gerturatzea» dela aipatzen dute elkartetik. «Guztiok dugu minbiziaren ondorioen berri, baina pazienteek eta familiartekoek egunerokoan bizi duten errealitatea ikusten dena baino gogorragoa da», gehitu dute. «Beldurra, tristura, autoestimuaren galera, komunikazio-arazoak, etengabeko galderak, antsietatea… Minbizia duten pertsonen % 50ak baino gehiagok, ondoez emozional handia izaten dute». Gaixoentzat eta familiartekoentzat «behar nagusia» dela nabarmentzeaz gain, arreta psikologikoak «urria» izaten jarraitzen duela azpimarratu dute.
DOKUMENTALA ETA ATERKIAK
Atzo ospatu zen egunaren baitan, eta elkarteak Tolosaldean duen ordezkaritzak antolatuta, bihar, arratsaldeko 17:30ean hasita, Aulki hutsak dokumentala eskainiko da Tolosako kultur etxean. «Gertukoren bat galduz gero, doluari aurre egiteko moduari buruz hitz egingo da». Bertan, gainera Iñaki Peña medikua egongo da, aldi berean, dokumentalaren zuzendaria dena.
«Ikus-entzunezko lanak, hildakoen senideen testigantzak jasotzen ditu, eta publikoari irekia izango da». Euskaraz eskainiko da, gaztelerazko azpitituluekin. Hura amaitu ondoren, Peñak dinamizatuko du dolua hizpide izango duen solasaldia. Bertaratutakoek beren iritziak azaltzeko eta esperientziak kontatzeko aukera izango dute.
Bestalde, elkartetik adierazi dutenez, «aurreko urteetan bezala, kolore berdea da kausa honen sinboloa eta hori izan da jardunaldia markatu duen elementu nagusietako bat». Atzo, Villabonako eta Tolosako Berdura plazak kolore berdeko aterkiekin apaindu zituzten. Gainera, oihal berde batez estali zuten Villabonako udaletxeko balkoia. Horiez aparte, eskualdean, hainbat saltokik, kartel, puxika eta zapiekin apaindu zituzten dendak eta erakusleihoak.