Tolosako Haragi 2019 Madrilen aurkeztu dute

Ataria 2019ko urtarrilaren 31

Tolosako udal ordezkariak FITUR Turismoaren Nazioarteko Azokan izan dira. Maiatzaren 9tik 12rako Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketaren xehetasunak azaldu dituzten bertan. 

Nerea Letamendia, Tolosako Merkataritza, Azokak eta Turismo zinegotziak aurkeztu du Haragi 2019 Madrilen, Basque Culinary Center eta Eusko Jaurlaritzako kideak alboan dituela. Letamendiaren esanetan, "iaz abiatutako bideari jarraipena emango diogu, nazioarteko eta bertako parrilariak, eta jardunaldi zein ekintza herrikoiak uztartuz". FITUR-en tartea izatearen inguruan, aldiz, zinegotziak ondorengoa adierazi du: "Erakusleiho oso garrantzitsua. Gure eskaintza are gehiago kokatu, egonkortu eta ezagutarazteko aukera eskaintzen du. Bestetik, azpimarratzekoa da, era berean, gune paregabea dela gainerako erakundeak, estatukoak zein nazioartekoak, egiten ari direna ikusteko, tendentzien berri izateko, ideiak hartzeko eta lankidetzak sustatzeko”.

20.000 bisitari 2018an Tolosaldean

Tolosaldeak 2018an 20.000 bisitari jaso zituen. Tolosako Udaletik zabaldutako datuen arabera, "atzerriko, estatuko eta Euskal Herriko bisitari gehiago izan dira: kataluniarrak eta madrildarrak gailentzen dira. Tolosaren kasuan urtean zehar igoera nabarmena izan da, baina bereziki adierazgarria izan zen udakoa: uztailean %50 igo zen gurera bertaratutako bisitari kopurua, eta abuztuan, berriz, %27".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!