"Adinekoentzat zinema osasungarria" ikusten egon dira Topic-en

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 30a, 10:50

Mugi eta Tolosako Udalak elkarlanean antolatu dute ekimena. Ikus entzunezkoaren ondoren osasun arazoei buruzko hitzaldia eskaini du Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak (GSE).

GSE-k Tolosara eraman du berriki martxan jarri duen Zinema Osasungarria proiektua, Mugi ekimenaren baitan. Udaletik azaldu dutenez, "helburua hiritarren osasun heziketa lantzea izan da, zinema baliatuta, eta kasu honetan Mugi-ko adineko pertsonentzat izan da saioa".

UP! filma ikusi dute Topic-en, eta adinekoekin batera Mugi proiektuko eragile desberdinak izan dira, tartean, Tolosako ikastetxeetako ikasleak. Filmak adineko gizon eta haur baten abenturak kontatzen ditu. Proiekzioren ostean, Belen Alonso GSE-ren idazkari nagusiak, filmean agertzen diren osasunari buruzko arazoen inguruan hitz egin du. Horretarako Minia izeneko txotxongilo bat erabili du. Adineko pertsonek jasaten dituzten gaixotasun eta osasun arazoak aztertu dituzte solasaldian, baina baita horiek arindu ditzaketen gauza txikiak ere; "esaterako, konpainia, laguntasuna eta Mugi-k bultzatzen duen bezala, belaunaldien arteko harremana".

 Tolosako Udalaren izenean Olatz Peon alkatea izan da Topic-en. Bere adierazpenetan ondorengoa azaldu du: "Pertsona erdigune duen herria da Tolosa eta Mugi da horren erakusle garbia. Bere 5. edizioa inoizko parte-hartze handiena lortzen ari da eta belaunaldi desberdinen arteko sozializazioa indartzen. Bere baloreetako bat, gainera, parte hartzaileen bizimodu osasuntsua bultzatzea da, aisialdi eta jarduera fisikoaren bitartez. Erakunde eta kolektibo desberdinen arteko lana helburu dutenen emaitza da".

Sendagileen elkargotik ere oso modu positiboan baloratu dute esperientzia. Belen Alonsoren hitzetan, "aukera ezin hobea eman digu Mugi-k pertsona helduengana hurbildu eta euren osasun arazoak jorratzeko. Oso esperientzia polita izan da eta pozik gaude Mugi-ren baloreak indartzeko eman diguten aukeragatik, oso identifikatuta sentitzen baikara horiekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!