"Amerikar sisteman sartzeko prestatzen ditugu haurrak"

Iker LarraƱaga 2019ko urt. 30a, 12:59

Tolosarra Boisen (AEB) ari da irakasle Beasaingo Ander Alustizarekin batera. Euskara eskolak ematen ditu Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola bakarrean. Haur Hezkuntza eskaintzen dute bertan.

Abentura betean dago Tolosako Irati Maritxalar. Irakaslea da eta ikasturtea Boiseko (AEB) ikastolan emango du. Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola bakarra da Boisekoa eta ez da kasualitatea. Ezaguna da bost urtez behin bertan egiten den Euskal Jaia eta ezaguna da ere euskal komunitateak bertan duen indarra; Basque Block izeneko kalea dago hiriaren erdigunean eta euskal kulturari lotutako kalea da, bertan dago ere Euskal Etxea, Euskal Museoa...

Nolatan ari zara Boisen irakasle?

Istorio luzea da. Irakasle ikasi nuen eta zerbait finkoa bilatzea nahiko zaila da. Beste aukera batzuk begiratzen hasi nintzen, esperientzia hartzeko. Ezagunen bitartez, Boisen ikastola bat zegoela ikusi nuen eta euskaldunak kontratatzen zituztela esan zidaten, aukera posible bat bezala ikusi nuen eta hemen saiakera asko egin ondoren, aukera interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen. Boisen 15 hilabeteko kontratu finko bat eskaintzen ziguten eta esperientzia polita iruditu zitzaidan.

Berezia izango da Euskal Herritik kanpoko ikastola bakarrean aritzea...

Badakigu Argentinan eta Txilen, esaterako, euskal komunitatearekin lotutako beste zenbait proiektu daudela, baina oraingoz Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola bakarra da Boisekoa eta berezia da han aritzea. Eskolak euskaraz ematen ditugu, baina beti ez da posible izaten. Ditugun liburuak euskaraz dira eta baita kurrikuluma ere, baina nabari da etxean ez dutela euskaraz egiten, eta askotan jo behar izaten dugu ingelesera.

Kurrikuluma esan duzu, desberdina izango da hemengoa eta hangoa, ezta?

Han kudeatu nuen hori. 5 urte dituzten umeak Lehen Hezkuntzara joaten dira eta gero azterketa bat egiten dute oinarrizko helburuak betetzen dituzten ala ez jakiteko. Guk ikastola bezala funtzionatzeaz gain, ume horiek prestatu behar ditugu amerikar hezkuntza sisteman sartzeko eta saiatzen gara hemengo kurrikuluma erabiliz helburu hori betetzen. Oso kontuan izan behar dugu Lehen Hezkuntza hasten direnean, amerikar hezkuntza sisteman sartzen direla zuzenean, eta beraz, prest egon behar direla horri aurre egiteko eta martxa hartzeko. Egia da kurrikulumak nahiko antzekoak direla, hala ere.

Lehen Hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko urteetan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik, ezta?

Ez, gu 15 hilabete egoten gara eta umeak hiru urte pasatzen dituzte Boiseko euskal eskolan. Eta gero jarraipen hori ez dagoela ikusten dugu, zulo bat geratzen dela. Unibertsitate mailan badaude euskararekin lotutako zenbait materia edo lanketa, baina unibertsitatera iritsi aurretik euskara galtzeko arrisku hori egoten da. Familia euskaldunek, euskal-amerikar familiek edota beste testuinguru euskaldun batean mugitzen direnek bakarrik gordetzen dute euskara.

Boiseko ikastolako ikasle guztiak ez dira jatorri euskaldunekoak izango, zeintzuk izan ohi dira gainontzeko familiek Boiseko ikastola aukeratzearen arrazoiak?

Nik uste dut gurasoek, oro har, nahiko garrantzia ematen diotela bi hizkuntza ikasten diren eskola batean aritzeari. Horretaz gain, Boisek euskal komunitate handi bat dauka, euskal kultura nahiko presente dago eta horrek ere eragingo die. Euskara egunerokotasunean dago presente; ekitaldiak izaten dira, euskara entzun daiteke... nolabaiteko zirrara edo interesa sortzen zaie. Nola deskribatuko zenuke hura?

Banekien euskal komunitate handi bat zegoela, baina bertatik bertara ikusteak harritu nau. San Inazio jaiak ospatzen ari zirela iritsi nintzen, Oinkari dantza taldea izena duen talde bat dagoela ikusi ahal izan nuen, Donostiako talde bat joan zen erromeria jotzera, bertako jendeak euskal dantzak, kantak eta ohiturak jarraitzen zituela ikusi nuen.... Indarra eta gogoa daukate euskal kultura aurrera ateratzeko eta horrek harritu ninduen. Hemen bezain beste edo behar bada indar gehiagoz zaintzen dute euskal kultura eta kanpoan zailagoa dela kontuan hartuta oso eskertzekoa da. Badakite kultura hori gordetzen ez badute galtzeko arriskua dagoela eta asko zaintzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!