Udalak zenbait eraberritze lan egin ditu azken hilabeteetan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 29a, 14:00
Argazkiak: Tolosako Udala

Tolosako hiru kaletan eta Alde Zaharreko bi pasabidetan egin dituzte lanak; aurrerantzean, beste hainbat gunetan aritzea ere aurreikusten dute

Urte zaharra agurtu eta berriari ekiterako, Tolosako Udalak, aurreikusita bezala, hasita zituen herriko zenbait gunetan egin beharreko eraberritze lanak. Batetik, Pedro Tolosa kaleko 5 eta 7 zenbakien arteko espaloiaren malda txikitu da, etxeetako sarrerekin egun duen altuera murriztuz. Horretarako, egungo zorua kota altuago batean berregin da eta euri-uren kanalizazioa burutu da. Bestetik, Batxiler Zaldibia kalean ere gauzatu dira lanak, euri uren sarea bukatu ostean. Bertan, asfaltoa eta espaloiak eraitsi eta posizio berean berreraiki dira.

Gainera, Alde Zaharreko bi pasabide ere eraberritu dira azken hilabetean. Lehenik, Korreo eta Nagusia kaleen artekoa. Zoladura eraitsi, ur-zikinen eta euri-uren kanalizazioak berreraiki eta bi kaleen hornidura sareak konektatu dira. Hormetan lauza berriak jarri dira eta argiteria berritu da. Sabaia eta ateetako zura ere garbitu dira. Nagusia eta Agintari kaleen arteko pasabidean ere antzeko lanak burutu dira.

Olatz Peon alkatearen hitzetan, «legealdi hau hasi genuenetik helburu izan dugu herritarrei bizitoki atseginagoa eskaintzea, mugikortasun eta irisgarritasun arazoei konponbidea emanez».

Azkenik, San Frantzisko pasealekuko 47. zenbakidun etxebizitza eta Euskaldun Berria oinezkoen pasabidearen arteko bi espaloien konponketak amaitu berri ditu udalak. Espaloiaren maldak desitxuratuta zeuden, irisgarritasuna zaildu eta putzuak sortzen zituelarik. Hortaz, zuhaitzek eragindako kalteak konpondu dira, baldosak altxatuz eta sustraiak kenduz. Ondoren, zuhaixka herrestariak landatu dira. Horrela, sustraiek hazteko lekua izango dute, pitzadurak eragin gabe.

Denera, 222.088,62 euroko inbertsioa gauzatu du udalak lan guzti horietan. Atzetik, Gernikako Arbola eraberritzeko bigarren faseari ekingo diote. Gero, Laskorain, Oria eta Paper kaleetan, Zezen plaza inguruan edota Euskal Herria plazan obrak egitea aurreikusten da. Rondilla kalearen eraberritzearen aurreproiektua gauzatzea ere aurreikusi zen aurrekontuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!