Arreta eta zerbitzu hobe baten alde

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urtarrilaren 28a

Goizean, Assumptio Proinnova Fundazioa aurkeztu dute Tolosako Asuncion klinikan. Adierazi dutenez, egunerokotasuneko ikerketa lanen garapena bultzatzeaz gain, proiekzio teoriko handiagokoak ere babestuko ditu.

Asuncion Klinikako langileen eskura, erreminta berri bat jarri dute, Assumptio Proinnova Fundazioa sortu baitu klinikak berak. Bertako zuzendari kudeatzailea den Iñigo Dendaluzek aipatu duenez, "helburua beti izan da bezeroari ahalik eta arreta onena eskaintzea, atetik sartzen denetik irteten den arte. Guk, ordea, hobeak izan nahi dugu, baita geure buruarekin ere".

Dendaluzeren hitzetan, "atmosfera berri bat sortzea" da asmoa, garbiketako pertsonaletik hasi, eta medikuntza estamentuko langileak bitarte, "lana hobeto egin ahal izateko". Berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi dute, eta ez euren gauzak hobeto egiteko soilik, baizik eta “efizienteago eta eraginkorrago aritzeko aldaketak egitea”.

Modu horretara sortu da fundazioa. Proiektu berri honek, hiru zutabe nagusi dituela aipatu dute prentsaurrekoan: Formakuntza, ikerketa eta berrikuntzari, eta ezagutzaren dibulgazioa. “Horiei bultzada bat eman nahi diegu, gure lana hobetzen laguntzeko motorrak izan baitira. Arreta eta zerbitzua hobetzea da gure helburua". Horrez gain, eremuan ere jarri dute fokua, eta inguruan, inpaktu positibo bat izatea nahi dute. "Gure lanak, Tolosaldean, gertukoena den eremuan alegia, eragin berezia izatea nahi dugu".

Regina Martinez, Fundazioko zuzendari kudeatzailea da. Berak, fundazioaren motorra diren hiru fundazioen inguruan hitz egin du. "Asuncion klinikaren egunerokotasunean eragina izatea nahi dugu. Orain egiten duguna hobeto egitea da gure helburua". Batzuetan, horrelako aldaketak egiteak inbertsio ekonomiko handia eskatzen duela adierazi badu ere, "besteetan, pentsatzeko denbora eta ideiak bideratzeko espazioa eskatzen dute berrikuntzek, eta hori da, hain zuzen, guk lortu nahi duguna".

Asuncion klinikan ezarriko den fundazioak, lanerako eta mintegietarako zenbait gela izango ditu, eta baita ehun pertsonako edukiera duen ekitaldi areto bat ere, hura kudeatzeko eremuak izateaz gain.

Hiru zutabe nagusi

Batetik, egun indarrean dagoen urteroko formazio plana hedatzea eta potentziatzea da asmoa, plan horretarako funts gehiago lortuz. "Horrek, langileentzat klinikaz kanpo egiten diren kongresu edota jardunaldi bereziak finantzatzea dakar, baita barne formazioetan laguntza ematea ere".

Bestetik, ikerketari eta berrikuntzari dagokionez, gaitzak ezagutzea, zergatiak ezagutzea eta ondorioak ezagutzea ezinbesteko eginkizunak direla aipatu du Martinezek, hobekuntzak zeintzuk izan behar duten jakin ahal izateko. "Hori dela eta, ezinbestekoa izango da ikerketa lana egitea eta bultzatzea. Ez dugu minbiziaren sendagaia lortuko, baina gauza asko dira ikertu beharrezkoak”.

Azkenik, ezagutzari dagokionez, maila espezializatuan eta dibulgatzailean ezagutzaren transmisioa hauspotuko du Fundazioak, Osasun Gaiak ekimenaren bitartez herritarrek osasunaren zaintzaren inguruan dituzten zalantzak argitu eta ezagutza areagotzeko asmoz. Sarean ere izango da horretarako aukera, eta hitzaldiak ere eskainiko dituzte.

Lehen proiektua, desnutrizioari buruzkoa

Assumptio Proinnova Fundazioaren lehen ikerketa proiektua, urtarrilean bertan abiatu dena, ospitaleratutako pazientearen desnutrizioari buruzkoa izango da, eta Tolosaldeako pazienteen egoeraren argazki eguneratu bat egitea du xede. "CONUT analitika bidez egingo da; odol analisi bidezko proba ez-inbasiboa da, eta pazientearen desnutrizio arriskua ezagutzea ahalbidetzen du hura ageriko izan aurretik. Horrez gain, ospitaleratutako pazienteen egoera nutrizionalak haren eboluzio klinikoan zein eragin duen jakitea da helburua" adierazi dute Fundazioko kideek.

Zenbait ikerketak %26,7 eta %50 bitartean kokatu dute ospitaleko desnutrizioaren prebalentzia. Fundaziotik esan dutenez, "desnutrizioa arazo iturri jakina da; mobi-hilkortasuna handitzen du, operazio osteko zailtasunak, eta ospitaleko egonaldiaren luzatzea dakar, arreta sanitarioaren garestitzearekin lotuz".

Proiektua Asunción Klinikako Analisi Klinikoen arduradun Maria Caballero eta Farmazia zerbitzuko buru Borja Ollo doktoreek gidatzen dute. Bi urteko iraupena izatea espero da, eta handik ospitaleratutako pazientearen arreta hobetzea ahalbidetuko duten neurriak hartuko dira.

Asunción klinikak, asteazkeanan aurkeztuko du ofizialki Assumptio Proinnova Fundazioa, herritarrei irekia izango den ekitaldia. Berau, Tolosako Topic antzokian ospatuko da. Lehenik, Patronatuak egingo du aurkezpen laburra, eta ondoren, Basque Health Clusterreko zuzendari kudeatzaile Maria Pascual de Zuluetaren eskutik, 'Berrikuntza da bidea' izeneko hitzaldiaz (gazteleraz) gozatzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!