Tolosako Udalak zabaldu du Fronton eraikineko kafetegia eta jatetxea ustiatzeko proposamenak aurkezteko epea. Interesatuek martxoaren 15eko 13:00ak baino lehen entregatu beharko dituzte eskaintzak, Udaten; hau da, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan.
Ustiapenaren esleipena bigarren aldiz atera du lehiaketara udalak, aurrekoan ez baitzen inor aurkeztu. Proiektuak eraikineko bi zerbitzuak hartzen ditu, kafetegia eta jatetxea, eta 30 urterako kontzesioa izango da. Aurreko lehiaketatik alderatuta, bost urte luzeagoa da epea.
Kanpoaldea udalak berritu badu ere, barruko eraberritze lanak zerbitzuaren esleipendunak egin beharko ditu. Guztira, aurreproiektuan, 1.171.488,94 euroko inbertsioa aurreikusi dute. Kafetegian 769.450 euro (BEZa aparte) eta, jatetxearen kasuan, 402.037,93 euro inbertitu beharko ditu.
Bestetik, ustiatzaileak lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko du, urtero; hain zuzen ere, 25.294,80 euro. Bete beharreko beste puntuetako bat, gutxienez hamar langile izatearena da. Horiez gain, kultur jarduerak antolatu beharko dituzte, eta euskara eta berdintasun irizpideak ere bere osotasunean bete beharko dituzte. Ardatza, euskal sukaldaritza egitea izango da. Tradizionala edota berritzailea izan daiteke, garaiko eta kalitatezko produktuak erabiliz, gutxienez %50ean.
Urte osoan irekita eduki beharko da kafetegi-jatetxea, eta astean atseden hartzeko egun bat izango dute. Atseden eguna ezingo da izan asteburuan eta jai egun batean.
Proiektuaz informazio gehiago behar duenak, edo Fronton eraikineko kafetegi-jatetxea ustiatzeko baldintzen pleguak eskuratu nahi dituenak, www.tolosa.eus webgunea kontsulta dezake materiala. Gainerakoan, udaletxeko Obra eta Zerbitzuen departamentuan izango du eskura, informazioa.
Kanpoaldea, berrituta
Eraikinaren kanpoaldeko lanak bukatu ditu Tolosako Udalak. 500.000 euro bideratu dituzte lan guztiak egitera: teilatua, fatxada, irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua.