Pelbisa ixten duen muskulu, lotailu eta nerbio multzo bat da, zoru pelbikoa. Funtzio garrantzitsuetan parte hartzen du, hala nola, esfinterren kontrolean, pelbisean dauden organoen mantentzean, umetokian, maskurian, ondestean, funtzio sexualean... Eta baita haurdunaldi eta erditzean ere.
Alazne Ezeizak (Tolosa, 1993) fisioterapia graduan ari zela entzun zuen, lehenbiziko aldiz, zoru pelbikoari buruzko zerbait. Mundu bat ireki zitzaiola dio, eta baita ireki ere. Izan ere, momentu harrez geroztik, argi izan zuen, gradu amaierako lana horren inguruan jorratuko zuela. Atarria Irratiko Mingaina txulora sexu irratsaioan egindako elkarrizketan, tolosarrak azpimarratu du, zoru pelbikoa jendartean ezezaguna dela, eta gai tabu bat dela, oraindik ere. Saioa gaur bertan izango da entzungai (107.6 fm eta ataria.eus), 21:00etatik aurrera, eta asteartean ere errepikapena emisioan izango da, ordu berean.
Zoru pelbikoa zergatik da hain ezezaguna?
Egia esan ez dakit. Adibidez, fisioterapia graduan lehen ez zen lantzen, agian, pentsatzen zutelako, beste espezialitate batzuetan traumatologian eta neurologian, esaterako lan gehiago zegoela.
Gizonek ere badute zoru pelbikoa, baina, beharbada, haurdunaldian sor daitezkeen arazoengatik, emakumeek presenteago daukate?
Egia da emakume askok haurdun egon arte ez dakitela zer den. Eta gizon askok uste dute, emakumeok soilik daukagun zerbait dela.
Herritar guztiek egin beharko lukete zoru pelbikoaren azterketa bat?
Denoi ondo etorriko litzaiguke balorazio bat egitea. Lehenik, elkarrizketa bat egiten da, pertsonak zein sintoma, arazo eta aurrekari izan dituen jakiteko. Gero, kontsultan, zoru pelbikoaren inspekzio bisual bat egiten da. Jarraian, pazienteak hainbat esfortzuren aurrean jartzen ditugu: eztula egitea, abdominalak egitea, indarra egitea... Horien aurrean zoru pelbikoak eta zonalde abdominalak nola jokatzen duen ikusten dugu, oso lotuta baitaude. Azkenik, ukimen analisi bat egiten da, kanpoaldetik eta barrualdetik. Badaude momentu komenigarriagoak egiteko, adibidez, haurdunaldian eta erditu ondoren. Batez ere, inpaktuzko kirolak egiten dituzten emakumeek, anatomikoki zoru pelbikoa ahulagoa daukatelako. Bestetik, gizon askok, prostatako ebakuntzaren ondorioz, gernu galerak izaten dituzte, eta komeniko litzaieke egitea. Dena den, nahiz eta balorazio hori egitea garrantzitsua izan, gaztetatik kontzientziazio lana egitea ere oso garrantzitsua da.
Zer gertatzen da inpaktuzko kirolak egiten dituzten emakumeen kasuan?
Zoru pelbikoa ahuldu egiten zaie, eta horrek hainbat disfuntzio sor ditzake, edo, alderantziz, gogortzeak sortu. Haurdunaldian zehar prebentzio lana egiten saiatzen gara, erditzea eta erditze ondorengo indarberritzea hobeak izan daitezen.
Pertsona batek noiz arduratu behar du zoru pelbikoaz?
Normalean arazoa sortu denean arduratzen gara; emakume askoren kasuan, gernu galerarekin. Hala ere, emakume asko babesle bat jarrita konformatzen dira, konpresa batekin, adibidez. Ez dakit nahikoa informazio duten edo, ba ote dakiten, ebakuntzaren aurretik badirela beste zenbait aukera, arazoa konpontzeko. Baina, nik uste dut, gaur egun, lagun bati entzunda ez bada, ez zaigula alarma pizten.
Gizonen kasuan zer gertatzen da?
Prostatako ebakuntza baten ondoren, gizonezko batzuk pixoihala edo konpresa jantzi behar izaten dute. Beste batzuk, ordea, konpontzen saiatzen dira. Gizonezko txirrindulariek, esaterako, zoru pelbikoko disfuntzioak izaten dituzte, bizikletako aulkiaren konpresioagatik. Uzki ingurua eta zakila lokartua sentitzen dituzte, eta askotan min ematen die. Lokartzea eta mina batera sortzen dira.
Kasu horretan ere, arazoa izan arte, ez da erreakziorik sortzen.
Zaila da jakitea, ez delako ikusten den zerbait, beraz, balorazio bat egin gabe, jakitea zaila da. Sintomarik ez baldin badugu, ongi gaudela pentsatzen dugu. Egia da, normalean, inpaktuzko kirol bat egiten ez bada, ez dela zertan arazorik izan behar.
Nola lantzen da zoru pelbikoa edo haren prebentzioa?
Disfuntzioaren araberako balorazioa egin behar da. Hipopresiboak, adibidez, ezagunak dira eta, kasu batzuetan, ongi funtzionatzen dute. Baina, argitu behar da, hipopresiboak ez direla onuragarriak denontzat. Gainera, jakin egin behar da nola egin behar diren, eta ez da posible, hipopresiboekin soilik arazoa konpontzea; tratamenduen osagarri izan behar lukete.
Azaldu: zer dira hipopresiboak?
Jarrera-ariketa bat da. Zona abdomninala aktibatzen dute, gihar batzuk aktibatuz, baina presioa igo gabe. Abdominal tradizionalek presio igoera eragiten dute zona abdominalean, eta horrek zoru pelbikoa ahultzen du. Hipopresiboekin, aldiz, presio igoera hori ez da gertatzen, eta zoru pelbikoa ez da kaltetzen.
Gero eta ezagunagoa da ariketa mota hori, ezta?
Bai, baina kontuz ibili behar da, hipopresiboek bai baitituzte zenbait kontraindikazio. Esate baterako, hipertentsioa dutenek ezin dituzte egin. Eta, bide beretik, erditu ondoren hipopresiboak egiten hasi nahi izanez gero, kontuan hartu behar da bularra ematen ari zaren edo ez, ariketekin lehenago edo beranduago hasteko.
Konturatu gabe kalte egin diezagukete.
Batez ere, emakumeen kasuan. Sare sozialetan ezagunak diren emakumeek, erditu ondoren, abdominal tradizionalak egiten irakasten dute, eta horiek ez diote onura gehiegirik egiten zoru pelbikoari; areago, posible da epe luzera disfuntzio bat sorzea.
Sexu harremanetan zein arazo sor ditzake zoru pelbikoaren egoera txarrak?
Arazo asko daude. Emakumeei, adibidez, erditzeko garaian urratu bat izanez gero, harreman sexualak edukitzeak min ematen die. Badago baginismoa izeneko beste disfuntzio bat: baginaren nahigabeko ixte bat da. Batzuetan ez da erabatekoa, eta posible da sexu harremanak izatea, baina oso mingarriak izaten dira. Beste zenbaitetan, ordea, ixtea erabatekoa da, eta ez ezinezkoa da sexu harreman izatea. Anorgasmia ere ohiko disfuntzio bat da: orgasmora iristeko ezintasuna da. Horrek ez du esan nahi pertsona horrek plazerik sentitzen ez duenik, baina orgasmora ezin du iritsi. Mutilen kasuan, ohikoak dira erekziorak izateko arazoak ere. Eta peyronie kasuak ere izaten dira: zakilean fibrosi plaka bat sortzen da eta, ondorioz, erekzioan izaten duen angulazioan, mina sortzen da.
Hori guztia trata daiteke ebakuntzarik egin gabe?
Peyronie kasuetan ebakuntza egitea posible da, baina badira beste bide batzuk ere. Baginismo eta haren gisakoak, berriz,arazo psikologikoen ondorioz sortzen dira normalean. Zailtasun batzuk ezin dira fisioterapiarekin bakarrik konpondu, eta psikologia edo diziplina anitzeko tratamendua be harko izaten dute.
Emakume eta gizon kopuru bera bertaratzen da kontsultara, zoru pelbikoa dela eta?
Gehienak emakumezkoak dira, eta gizonezkoren bat edo beste etortzen da, baina gehiago kostatzen da. Madrilen, ospitale batean praktiketan aritu nintzenean, gizonezkoak etortzen ziren. Ez dakit, beraz, hemen inguruan gehiago kostatzen den pausoa ematea, edo informazio falta dagoen; baina arazoa, egon, badago.
Zein ohitura izan daiteke lagungarri?
Inpaktuzko kiroletan gainontzeko muskuluak entrenamenduetan lantzen diren bezala, zoru pelbikoko muskuluak ere landu egin beharko lirateke. Gorputzaren kontzientzia landuz, jakingo dugu zoru pelbikoa nola aktibatu, uzkurtu eta erlaxatu. Gorputzaren kontzientzia arazo bat da, finean.