[BABESTUTAKO EDUKIA] Erronken bidez ikasten

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 28a, 14:59

Hezkuntza modu naturalago batean erakusteko hautua egin berri du Herrikide ikastetxeak. Bizi proiektua jarri dute martxan ikasturte honetan, eta helburu nagusi bat du: errealitatean oinarrituta ikasiz, ikasleak konpetente izatea. Datorren ikasturterako matrikulatzeko epea astelehenean irekiko da eta ateak edonorentzat zabalik izango dira  urtarrilaren 29an goizez, eta otsailaren 1ean, arratsaldez.

Proiektuen bidez konpetente nola izan ikasten ari dira Herrikide ikastetxeko DBH 1eko ikasleak. Hezkuntza tradizionaleko ikasgai batzuk kendu eta Bizi proiektuan integratu dituzte. Astean, hamasei ordu inguru eskaintzen dizkiote proiektu horri. Jabi Luengo da irakasleetako bat eta azaldu duenez, proiektuen bidez lantzen dituzte ikasgai horiek eta proiektu horietan, erronkak planteatzen dizkiete: “Erronka horiei aurre egin behar diete, eta derrigorrez ikasten ikasi behar dute, eta berdin beste konpetentziekin”. Ikastea da informazioa bilatzea, eta erronkari irtenbidea emateko sormena lantzea.

Batez ere, taldeka egiten diete aurre ikasleek erronka gehienei, baina bakarka ere aritzen dira. Taldean aritzeak emozioak lantzea errazten duela argi du Luengok. “Izan ere, betiko hezkuntza tradizionalean, gela batean bakarka eserita egonda, nekez landu daitezke emozioak, aldamenekoarekin ez baitu inolako kontakturik. Taldeetan, berriz, negoziatu egin behar dute, haserretu egin behar dute, arazo eta gatazkei aurre egin behar diete”. Emozioak lantzeko, Gorputzaldiak egiten dituzte aretoan; musika jarri eta gorputza nahi bezala mugi dadin uzten dute, ondoren sentitutakoaz hitz egiteko.

Eguna behar bezala hasteko, goizero-goizero arnasketa eta erlaxazio ariketa bat egiten dute gelan sartzean, musikaz lagunduta. Gorputza nola dagoen jabetzeko eta erronkei aurre egiteko prest ote dauden ikusteko balio dutela dio Luengok.

Konpetentzia ezberdinei aurre egiten saiatzen dira modu batera edo bestera. Adibidez, mahaian eseri eta eguzki sistemak nola funtzionatzen duen ikasi ordez, antzezlan bat prestatu eta lehen hezkuntzako haurrei egin diete azalpenak emanez. Horrela, eguzki sistema hutsean landu beharrean, antzerki bat zerotik egiteko behar diren bitarteko urratsak landu dituzte. Edo gauza bera Herenegungo koadroak gaur proiektuarekin. Azken afaria, akelarrea edo Las Meninas bezalako koadroak hartu, eta gaur egun, nola antzeztuko lituzketen landu dute.

Proiektu horiek lantzeko irakasleek ere formazioa jaso dute. Urtebete eraman dute guztia prestatzen,  emozio eta gatazken konponbideak nola kudeatu ikasi dute. Ikasleekin batera parte hartzen dute, “rol aldaketa bat” izan da. Ehun ikasle dituzte proiektu horretan, gela handi batean egiten dute guztiek lan eta guztira lau irakasle aritzen dira. Talde bat direla dio Luengok, eta uneoro elkar laguntzen dutela.

Ikasleen ebaluazioa ere beste modu batera egiten dute. “Ez ditugu notak jartzen, konpetentziak neurtzen ditugu eta grafiko batzuen bitartez gurasoek ikusteko aukera daukate nola ari diren garatzen”.  Gazteak ere autoebaluazioaren bitartez, euren garapenaz jabetzen dira.

Orain DBH 1eko ikasleek soilik daukate aukera Bizi proiektuan jarduteko. Baina datorren ikasturteari begira, bigarren mailara pasatzen direnean ere izango dute aukera proiektu horretan jarraitzeko. Beraz, datorren kurtsoan, DBH 1 eta 2ko ikasleek erronkez betetako urtea izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!