Euriak ez ditu korrikalari gazteak kikildu Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 20a, 14:37

Ero-Etxe elkarteak XXXII. Krosa antolatu du gaur Tolosako kaleetan zehar. Aterruneak izan dira, baina gogotik egin du euria zenbat garaitan. Hala ere, ume asko gerturatu dira gaur korri egitera.

Urtarrileko azken aurreko igandean antolatu ohi du Tolosako elkarteak gaztetxoentzako krosa eta urtero izaten da arrakastatsua. 700 ume inguruk emana zuten izena eta horietako asko animatu dira lasterka egitera, eguraldiak gehiegi lagundu ez arren.

Hiru kategoriatan banatu dituzte korrikalariak. Benjaminak, alebinak eta infantilak aritu dira, hurrenez hurren, neska eta mutiletan bereizita. Bi itzuli prestatu dituzte antolatzaileek eta adinaren arabera, motza edo luzea egin behar izan dute gaztetxoek.

Partaide guztiek garaikurra eraman dute, eta aurten, Ero-Etxe elkartearen ikurra dutenak banatu dituzte umeen artean, lehenengo aldiz. Aurreneko lau sailkatuentzat sari bereziak eman dituzte eta Olatz Peon alkatea eta Cristian Fernandez kirol arloko zinegotzia izan dira sari banaketa ekitaldian.

Urtean zehar, gaurko krosa prestatzeko, sei bat lagunez osatutako batzordea aritzen da lanean Ero-Etxe elkartean eta gaur 60 lagun inguru aritu dira lanean, guztia prestatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!