Elosegi parkea inauterien ondoren zabaltzea aurreikusi du udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 18a, 18:02

Patxi Amantegi alkateorde eta Ingurumen zinegotziak orain arte Elosegi Parkean burutu diren lanak aurkeztu ditu, amaitu berri den dorre-begiratokia ezagutarazi eta etorkizun hurbilean parkean garatuko diren jardueren berri eman du.

"Dorre-begiratokiak Tolosaren ikuspegi ezberdin bat eskaintzen digu" Amantegiren hitzetan. Azaldu du hainbat fasetan gauzatu dela parkearen birmoldatzea: "2008an osatu zen plangintza. Oinezkoen bide nagusiaren zolaketa egin zen lehenengo; Monteskue auzotik ibilgailu-bidea eta parkeko goiko aldeko zerbitzurako eta mantentze-lanetarako bidea bigarren fasean; eta San Joan kaletik oinezkoen sarbide berria hirugarren etapa batean".

Azken hilabeteotan dorre-begiralekuan kontzentratu dira lanak. 72.500 euroko inbertsioa gauzatu du udalak utzita zegoen borda berritu eta egokitzeko. Dorreak lehen zuen izaera oktogonala mantendu du. Lehen solairua eraberritu da, eta bere gainean eraiki da begiratokia. Altzairuzko pergola batek estaltzen du, lehen solairuak duen zortzi aldeko forma mantenduz. Pergolaren azpian eserlekuak ezarri dira. Bigarren solairu horrek, inguru osoan baranda bat du. Begiraleku gisa duen ahalera "indartzea" izan da lanen helburuetako bat, esan du Amantegik.

2019ko aurrekontuan barneratu du udalak plangintza honetan ezarritako 5. fasearen gauzatzea: depositu-putzuaren birgaitze eta egokitzapena. "Eremu horretan urmael bat sortzea da gure helburua", adierazi du alkateordeak, "Elosegi parkeko biodibertsitatea sustatu eta osatzeko urak erakarri ohi dituen animaliekin. Lanak 2019an gauzatuko dira. Aurretiaz esan genuen eran, parke hau hiri biodibertsitatea sustatzeko gune izatea nahi dugu, ingurumen hezkuntza eta ikerketarako dituen aukerak lehenetsiz”.

Hain zuzen, Amantegik azpimarratu du urtez urte parkearen erabilera handitzen joan direla: "Ikasleekin, zuhaitzaren egunaren bueltan, parke honetan hasi gara landaketak burutzen. Hegaztiei eraztuna jartzeko tailerrak Arantzadi zientzia elkartearekin batera. Txorien bizilekuak ere jarri ditugu. Hegaztientzako jantoki eta begiratokia ezarri da, lehen aipatzen nuen ingurumen hezkuntza sustatzeko. Baso eskola ere egiten da, naturarekin erabateko kontaktuan ikasgaiak era ezberdin batean ikasteko. Eta berriena, Zumardia elkartearen ekimena, Olentzeroren basoa”.

Orain, erabilera hori, are gehiago zabaldu nahi da, herritarrei Elosegi parkera sartzeko ahalbidea eskainiz: "Behin obra nagusiak eginda, osagarriak izan litezkeenak hastear, eta seinaleztapena eta bestelako euskarriak errepasatu eta behar dena txukundu ostean, gure aurreikuspena eta asmoa da inauterien ondotik, martxoan zehar, Elosegi parkea herritarrei zabaltzea". Alkateordeak azaldu duenez, "haserako asmoa" da muga batzuekin zabaltzea: “Jada zehaztuta dagoen ibilbidean eta segurtasun bermea duten guneak egongo dira eskura, gainontzekoa mugatua egongo da seinaleztapen bitartez”.

Amantegik gehitu duenez, parkearen funtzionamendua zehazten ari dira eta xehetasun gehiago eskainiko dituzte zabaldu aurretik. "Hala ere, argi dugu Elosegi egunez egongo dela zabalik eta gauez itxita. Horretarako itxiera sistema bat ezarriko dugu". Orain arte burututako jarduerekin jarraituko dutela gaineratu du, eta herritarrak "parkera erakarri eta hiriko baso hau goza dezaten" nahi dutela: "Elosegi parkea altxor bat da, aberatsa oso flora eta fauna aldetik, guztion gozagarri izan behar duena, baina baita guztiok zaindu eta babestu behar duguna ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!