Aldaketak egin dituzte Usabal kiroldegian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urtarrilaren 18a

2019an sartzearekin batera, berrikuntzak ekarri dituzte bertako langileek. Cycling gelako bizikletak berritzeaz gain, eskuoihal alokairu zerbitzua ere martxan da.

Eguberriak igaro ostean, Usabal kiroldegiko bazkideentzat opariak utzi dituzte bertako langileek. Hain zuzen ere, cycling ariketak egiten dituzten gelan, bizikleta berriak jarri dituzte. Zaharrak, gainera, bazkideei eskaini dizkiete azken hilabetean, eta aurkeztutakoen artean zozkatu dituzte. Kiroldegiko arduradunen hitzetan, bizikleta berriak, «punta-puntako Keiser M3i modelokoak dira, merkatuan dauden onentsuenak».

Bizikleten ezaugarriei dagokienez, freno magnetikodunak dira, eta hainbat balio zehazten dituzte, pantaila batean: pedal eta bihotz maiztasuna, mugitutako watt-ak eta egindako kilometroak. Era berean, gelako aldaketei dagokienez, argiteria koloredun berria ere jarri dute.

Eskuoihalak hartzeko aukera

Eskuoihal bono zerbitzua ezarri dute. Hilero 7,50 euro ordaintzearen truke, kiroldegiko eskuoihalak erabil daitezke. Bertatik azaldu dutenez, «kiroldegiko harreran garbia hartu eta, bukatzerakoan, zakuan utzi behar dira». Zerbitzu berria egunero izango da martxan eta, beren hitzetan, «zerbitzu erraza eta azkarra» izango da. Erabiltzaileen erosotasuna bermatu nahi dute, eta eskuoihalaren erabilera sustatu ere bai, beharrezkoa baita.

WhatsApp zerbitzua

2019an, urteko 354 egunetan eskainiko du zerbitzua, Usabal kiroldegiak. Udan, gainera, igandeetan ere zabalduko ditu ateak.

Bestetik, WhatsApp zerbitzua martxan dago, erreklamazioak eta iradokizunak egin ahal izateko. Helburua da, instalazioen egoera uneoro eta zuzenean ezagutzea, erabileran egunerokoan sortzen diren arazoak konpondu ahal izateko. Beraz, 688 82 20 93 telefono zenbakia erabiltzaileen eskura dago, kexak, arazoak eta proposamenak, argazkiak barne, bidal ditzaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!