Aitzolen familiak krimen frankistak salatuko ditu

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 17a, 13:54

Gipuzkoako Foru Aldundiak bide judizialari ekingo dio, 1936 inguruan izandako krimen frankistak jazartzeko.

1936an frankistek hildako Florencia Olazagoitia eta Jose Ariztimuño Aitzolen senideek salaketa aurkeztuko dute, laster, Donostiako Instrukzio Epaitegian, eta foru erakundea herri akusazio gisa aurkeztuko da. Bi kasu horiek, frankismoko biktima guztiak ordezkatuko dituzte.

«Auzi estrategiko» bat abiaraziz gauzatuko du, foru erakundeak, bere akusazioa. Helburu nagusi bat du: Espainiako auzitegietan eta jurisprudentzian eragitea. Markel Olano ahaldun nagusiaren esanetan, «egia judizialaren argitan, frankismoaren krimenen aurreko inpunitate horman arrakala berriak irekitzen laguntzea da helburua».

Egitasmo hori bi txostenek sostengatu dute. Batetik, Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1936 eta 1944 urteen artean erail eta desagertutako gipuzkoarren kasuak bildu ditu; bigarren txostena UNESCOk egin du. Horren arabera, badira nahiko legezko bide eta argudio, aldundiak gerra garaian eta ondoren egindako delituak jazar ditzan.

«ZAURIAK» EZIN ITXI

Egitasmoaren aurkezpenean izan ziren Aitzolen eta Olazagoitiaren bi senide, foru gobernuko ordezkariekin, eta txosten juridikoa egin duten adituekin batera. Aitzol apaiza eta euskaltzalea atxilotu, torturatu eta fusilatu egin zuten tropa frankistek. Senideek ez dakite haren gorpua non dagoen. «Herri honen zauriak ez dira itxiko, familiek euren hildakoak biltzen jarraitu behar duten bitartean», esan zuen Coro Arrue Aitzolen ilobak. Olazagoitia alderdi sozialistako kide zen, eta 37 urte zituen desagertu zenean. Porrot egin dute hura aurkitzeko ahalegin guztiek. «82 urte hauetako oinaze eta zauriak itxi eta isiltasunetik ateratzeko, beharrezkoa da biktimen egia ezagutzea; orain arte, garaileen egia soilik ezagutarazi da», salatu zuen Nati Roa bilobak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!