Aktibatu 2019, naturari buruz gehiago jakiteko

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 17a, 09:31

Otsailaren 7an ospatuko da Tolosan, natura turismoaren eta iraunkortasunaren inguruan antolatzen dituzten jardunaldiak.

Natura turismoaren sektoreko profesionalak, sektore pribatuko zein publikoko bestelako profesionalak edota turismoa eta iraunkortasunarekin zerikusia duten ikertzaileak eta ikasleak biltzen dituen ekimena eta eztabaidarako gunea dira Aktibatu jardunaldiak.

Antolatzaileen esanetan, «turismoa lehen mailako sektore ekonomikoa den garai honetan, ezinbestekoa da turismo-estrategiak iraunkortasun klabeetan lantzea, sektorearen balio-katea indartzen eta lurraldean turismo-eskaintza lehiakorra garatzen laguntzen duten jarduera berriak sustatzea. Gizarte guztiarentzat onuragarria izan daiteken turismo baten aldeko apustua egitea, alegia».

Aurreko edizioetako esperientzia positiboak bultzatuta, Bizibiziki enpresak sektoreko profesional esanguratsuak eta nazioarteko esperientzia berritzaileak bilduko ditu 2019ko edizioan. Jardunaldia, otsailaren 7an ospatuko da, Tolosako Topic zentroan. «Goiza Euskal Herriko zein nazioarteko hizlarien saioek beteko dute, euren esperientzia eta ezagutzak elkarbanatu eta gurera estrapolatu daitezkeen gaiak jorratzeko». Harreman profesionalak indartu eta elkarlana sustatzeko helburua duen networking saioa ere burutuko da aurten. «Parte hartzaileen artean hitzorduak adosteko aukera izango dute online plataforma baten bitartez».


Arratsaldean, berriz, hizkuntzen eta jarduera turistikoen arteko elkarbizitzen inguruan hausnartzeko gunea sortuko da. «UNESCOk izendatutako Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea ospatuko dela eta, turismoa eta bereziki hizkuntza gutxituen gaiari helduko diogu». Amaitzeko, euskara eta turismoaren arteko bizikidetza aztertzeko mahai ingurua egingo dute.


Aktibatu ekintzaile
Azken edizioan bezala, Aktibatu jardunaldiek ekintzaileei lekua egin nahi diete, landa edo natur turismoarekin erlazionatutako negozio-proiektuak aurkezteko deialdi ireki baten bitartez. «Aurrez jasotako proposamen guztietatik bi proiektu hautatuko dira, eta otsailak 7an entzule guztien aurrean aurkezpen dinamizatu bat burutuko da». Jardunaldien ondoren aholkularitza eta laguntza eskainiko zaie landutako proiektua borobiltzeko eta honen jarraipena egiteko. Proiektuak www.aktibatu.com -en erregistratu daitezke, eta azken eguna urtarrilaren 18a, ostirala, izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!