Jon Azaldegi: "Nire helburu bakarra joko maila hobetzea da; emaitzak etorriko dira"

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 16a, 20:01

TAKE klubak eskainitako erronka onartu eta mutilen talde nagusiko entrenatzaile kargua hartu du Jon Azaldegik.  Orain arteko denboraldiaren balantze positiboa egin du tolosarrak.

Jon Azaldegik (Tolosa, 1991) lehenengo urtea du Redline Mekanika TAKE taldearen, hau da, TAKE klubaren senior mutilen talde nagusiaren, entrenatzaile modura. Lehen mailan lehiatzen dira, eta hamaika jardunaldi jokatu ondoren (guztira 26 dituzte ligan), sailkapenaren seigarren postuan doaz, zazpi garaipen eta lau porrotekin.


TAKEko jokalari izatetik entrenatzaile izatera. Nola gertatu zen?
Faktore askok eragiten dute horrelako aldaketa bat. Kontuan hartuta saskibaloian jokatzeak ikaragarri gustatzen zaidala, belauneko minak ekarri zuen aldaketa. Urtetik urtera eta partidaz partida gero eta min gehiago nuen, eta horrek eraman ninduen saskibaloia uztera. Eta Yon Gonzalezek entrenatzaile izateari utzi zionean, klubak erabaki zuen entrenatzaile aproposa izan nintekeela, eta erronkari eutsi nion. Ez pentsa orain urtebete espero nuenik egun nagoen leku honetan izango nintzenik. Entrenatzaile izaten denbora dezente daramat, baina ez da berdina maila honetako erronka bat izatea edo gazteagoei entrenatzea.


Eta nola izaten ari da esperientzia?
Esango nuke ez dudala denbora asko pasatzen horri buruz hausnartzen. Taldekide izan ditudanak orain jokalari ditut, eta beraiek ezagutzeak eman dizkit  abantaila batzuk; horri esker esan daiteke urtea erraz doala, sozialki ez dudalako sekulako lanik egin behar. Badakit nola moldatzen diren, beraien artean zein harreman duten, beraz neurria hartzea ez zait hainbeste kostatu. Hori bai, iruditzen zait gauza asko ditudala hobetzeko entrenatzaile bezala, saskibaloiarekin zerikusia duten jakintza horien aldetik. Hortxe goaz, gorabeheratsu: emaitzek laguntzen dutenean ziur aski errazagoa da, eta laguntzen ez dutenean dena pixka bat konplikatzen da.


Nola bizitzen dituzu partidak aulkitik? Urduritasun gehiago, kantxara ateratzeko gogoa...?
Kantxara ateratzeko ez, inondik inora. Saskibaloian jokatzeko nahia badaukat, eta bizitza osoan izango dut. Fisioterapia zentro batean lan egiten dut eta lankideekin aritu naiz hitz egiten gustatuko litzaidakeela jolastea. Baina beraiek esaten didate ez zaidala komeni. Bestalde, saskibaloi partida jokatzen ari garela, entrenatzaile bezala ez dut izaten denborarik horretan pentsatzeko. Zure taldeak irabazi egin behar duela pentsatzen ari zara, eta horretarako zer behar duzun pentsatzen duzu; zein jokalari komeni den kantxan izatea, zer joko mota egin behar den, ze umore, zer transmititu behar duzun eta zer eratara egin behar duzun. Bai pentsatzen duzula agian ez zarela ari asmatzen une horretan, eta frustrazio horiek kudeatzeko beharra izaten da, eta horrelako kontuetan denbora gehiago pasatzen da.


Yon Gonzalez izan da aurretik taldeko entrenatzailea, eta baita zure entrenatzailea ere. Erreferentzia izango da, nolabait. Ona edo txarra da hori zuretzat?
Senior bezala jokatu nuen urte guztietan izan nuen entrenatzaile, eta, beraz, erreferentzia da, noski. Ez entrenatzaile bezala izan dudalako bakarrik, baita Tolosaldera ere ideia berritzaile asko ekarri zituelako, eta bera izan delako saskibaloia bizitu, aztertu, eta TAKEra aurrerapauso bat egiteko gogoa ekarri duen lehenengoa. Dudarik gabe horrek ekarri du bere estiloak eta bere gogoak niregan eragin zuzena izatea. Nire ikasketengatik izan ditzaket beste zenbait ideia bere lana egiteko modutik pixka bat urruntzen nautenak zenbait alorretan, baina jokoari dagokionez, berak emandakoa erabiltzen eta gaur egun probetxu ateratzen saiatzen ari gara. Azken finean nire jokalariak ere bere jokalariak izan dira, bere jokoaren alor asko kontrolatzen dituzte, eta hori ere komeni zaigu horrela izaten jarraitzea. Noski, bere eragina handia da, eta berak utzi duen hutsunea handia da.


Joko jakin bat egiten duzuela esan daiteke?
Ez dakit, egia esan. Azkenerako iruditzen zait talde bakoitzak egiten duela ahal duen jokoa dituen jokalariekin. Eta egin behar duena da dituen jokalari horiei ahalik eta probetxu onena ateratzea. Egia da Yonek erabiltzen zituen erasoko arauak eta defentsako zenbait kode, egoera jakin bat defenditzeko hitzen bat, erabiltzen jarraitzen ditugula. Baina, azken finean, taldearen jokoa une horretan zure ligan jokatzen den estiloaren arabera doa. Aurkariek modu batera erasotzen badute, zure jokalariek modu hori defendatzeko prestatu beharko dute. Iruditzen zait talde malgu bat eta oso bat izatea askoz eraginkorragoa dela, jokoaren alde guztiak kontrolatuz.

Egia da ligako defentsa onena garela gaur egun, baina ez da entrenatzaile bezala ezarritako zerbait, gure jokalariei berez ateratzen zaie. Eta defentsarik garrantzia emango diogu garrantzitsua delako, baina erasoa ez dugu horregatik albo batera utziko. Akaso muga batzuk ditugu erasoan, eta beraz, atzean estutzen ez badugu alferrik ariko gara.  


Zer moduz doa denboraldia?
Azkeneko partida galdu dugunez, orain dela astebete galdetuz gero balantze positiboagoa egingo nuke. Baina, dudarik gabe, balantzea positiboa da, kontuan izanik aurreko denboraldian jokalari askok taldea utzi zutela, eta zalantza asko zeudela taldearen errendimenduaren inguruan. Ion Izagirre taldeko kapitainak denboraldia hasi aurretik mina hartu zuen. Zalantzan geunden nola hasiko ote ginen. Beraz, pozik gaude emaitzek lagundu dutelako, eta pozik gaude dinamika aldetik, oso pozik taldearen giro aldetik. Pena ematen dit, ikusita asteburuan galdu egin dugula, Gabonen aurretik genuen joko maila onarekin ez jarraitu izana lehiatzen. Azken aurreko partida justu denboraldiko onena izan zen.


Aurretik dauzkazuen bost taldeak zuek baino garaipen bat gehiago dute bakarrik.
Liga oso parekatuta doa. Alde ona lehen sailkatua hortxe daukagula da, baina, bestalde, maila pixka bat jaisten badugu, partida asko jarraian galtzeko arriskua dugu. Hamabost jardunaldi geratzen dira ligan jokatzeko eta lan handia dago egiteko. Astero joko maila hobetu behar da, aurkariek hobetzen badute zu ezustean ez harrapatzeko.


Zein da denboraldiko helburua?
Bere garaian maila mantentzea zen helburua. 7-4 joanik eta ikusita zer joko egiten ari garen, azken finean, nola lehiatzen ari garen ikusita, batez ere, Gabonen aurretik, ematen du gora begiratu behar dugula, lehenengoak garaipen batera ditugula, EBArako igoera hor dagoela... Nire helburu bakarra joko maila hobetzea da, eta horrekin batera emaitzak etorriko dira.

Gainera, ezin da guztiz jakin. Lesioak egon daitezke, taldea nahiko motza daukagu, eta jokalari bat edo bi ez egoteak gure taldean duen eragina kontuan izanik, epe luzera helburuak jartzeak zentzua galtzen du. Hemen asteburuz asteburu lehiatzen da. Dudarik gabe, maila mantentzea da helburua. Hortik aurrera, oraingoz joko maila hobetu eta dena emanda lehiatzea.

Gazteei aukera emateak bere garrantzia izango du.
Tolosaldeko talde bat izanik, harrobian sinesten dugu, eta nahi duguna da lehenengo taldea bertako jokalariez osatzea, eta horiekin ahalik eta gorena jokatzea. Gaur egun, hori da apustua. Beraz, senior mailan talde ezberdinak ditugunez, gazteek parte hartzen dute zenbait entrenamenduetan. Nik, adibidez, sei junior dauzkat entrenamenduetan parte hartzen. Eta tartean batzuk partiduetan parte hartzen dute. Horrelako gauzek asko pozten dute, erakusten dutelako gogoa dutela hobetzeko eta taldeari laguntzeko, eta etorkizunean ere maila polit batean lehiatzeko aukera izango dugula. Eta hori beti da pozgarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!