Janari bilketa abiatu dute, Sahararekin elkartasunez

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 15a, 20:00

Tindoufeko kanpalekuetan dauden errefuxiatuei laguntzeko, Tolosaldea Sahararekin elkarteak janari bilketa jarri du abian; hilaren 31ra arte dago aukera.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtarrilean zehar bilduko ditu Saharara bidaltzeko elikagai eta produktuak. Horretarako, eskualdean zehar bilketa guneak jarri dituzte.

Elkartea urteak daramatza sahararrei elkartasuna adierazteko janari bilketa egiten. Herriz herri, ahalik eta produktu gehien jasotzea da helburu nagusia; «Tolosaldeko biztanle bakoitzak kilo bat ematea litzateke erronkarik handiena, eta hori helburutzat hartuta ikastetxeetan, kultur etxeetan eta udaletxeetan bilketa txokoak jartzeko laguntza behar izaten dugu, baita bilketaren inguruan informazioa zabaltzeko ere», azaldu du elkarteak. Iaz, 5.000 kilo inguru bildu zituzten eta aurten, gehiago biltzea da asmoa.

Tolosaldeko herri gehienek bat egiten dute bilketarekin eta urtarrilaren 31ra arteko epea dute herritarrek, bilketa puntuetan ekarpenak egiteko. Aurten, urtarrilaren 26a jo dute begiz, «egun indartsuena izango da», izan ere, elkarteko kideak janari denda eta supermerkatu ezberdinetan presente egongo dira, bilketarako jendea kontzientziatu eta gonbidatuz.

Lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, haurrentzako eta helduentzako pixoihalak jasoko dituzte, eta baita eskolarako materiala ere. Izan ere, Saharako lurralde askatuetan, zehazki Midyick herrian, 140 ikaslerentzako lehen hezkuntzako eskola bat eraiki zuten eta mantentzeaz arduratzen dira egun. Eskolako materiala, beraz, ikastetxe horretara bideratuko dute.

Bilketa eguna amaituta, otsaila hasieran pasako dira herriz herri elkarteko kideak bildutako materiala jasotzera. Guztia antolatu, eta Donostiara eramango dute ondoren. Gipuzkoan biltzen den guztia Alacantera bidaliko dute eta handik bideratuko dute Saharara.

ETENGABEKO ELKARTASUNA

2000. urtetik gaur arte Saharara begira jarrita ditu begiak Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Hemeretzi urte dira elkartea sortu zela «Saharar herriari laguntzeko helburuarekin».

Urte guztia jarduera ezberdinak egiten pasatzen dute. Besteak beste, elkartasun bilketa, Oporrak Bakean haurren harrera programa eta Maiatza Borrokan jardunaldiak. «Guretzat jarduera garrantzitsuenetako bat azken urte hauetan Saharako Lurralde Askatuetan, Midyick herrian, aurrera eraman dugun proiektua izan da: 140 ikaslerentzako lehen hezkuntzako ikastetxe bat eraiki genuen eta urtez urte mantentzea izaten da gure asmoa. Bestalde, 200 kilometroko distantzian dagoen anbulatorio bakarra eraiki eta honi ere mantentze lanak egiten dizkiogu», adierazi dute elkartetik.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak «oso presente» du saharar herriak bizi duen «ezohiko egoera». Izan ere, 43 urte igaro dira Sahara hiru eremutan zatitu zutenetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!