Korrika egiteko urteroko hitzordua haurrentzat

Ataria 2019ko urt. 15a, 08:45

San Sebastian egunez, urtarrilaren 20an, ehunka haur korrika ariko dira Tolosako kaleetatik, Ero Etxe Elkartearen XXXII. Krosean. Ohi bezala, hiru maila izango dira, eta maila bakoitzean nesken eta mutilen proba egingo da.

Distantzia ezberdina egingo dute korrikalariek maila bakoitzeko. Infantilak, 2005 eta 2006 urteetan jaiotakoak, izango dira lehenengoak parte hartzen. 11:30ean hasiko da mutilen proba eta bi itzuli luze egingo dituzte, hau da, 2.800 metro. Nesken proba 11:45ean hasiko da, eta itzuli motz bat eta itzuli luze bat egingo dituzte, guztira 1.950 metro.

Ondorengoak parte hartzen alebinak izango dira, 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoak. Bai mutilek eta bai neskek ibilbide berdina izango dute, itzuli luze bat eginez, hau da, 1.400 metro. 12:00etan hasiko da mutilen proba eta 12:15ean neskena.

Azkenik, benjaminen txanda izango da, 2009 eta 2010 urteetan jaiotako haurrena, hain justu. Bi itzuli motz egingo dituzte mutilek zein neskek. 12:25ean hasiko dira mutilak korrika egiten eta 12:35ean izango da nesken txanda.

Proba guztietan San Frantzisko pasealekua izango da abiapuntua eta helmuga. Izena emateko aukera izaten dute haurrek ikastetxeetan, Ero Etxe elkartekoek bertara dortsalak eramaten baitituzte. Horrez gain, helmugaren ondoan, mahaia jarriko dute antolatzaileek krosaren egunean bertan, eta proba bakoitza hasi baino hamar minutu lehenago eman ahalko da izena bertan. Ohi bezala, krosean parte hartzen duten haur guztiek jasoko dute domina. Aurtengo berritasuna dominaren itxuran izango da, Ero Etxe elkartekoek bere irudia jarriko baitute bertan, eta aurrera begira ere horrela mantenduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!