EH Bildu: "Saiatu arren, udal gobernuak ez du adostasunik nahi izan aurrekontuan"

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 11a, 18:35
Inaki Irazabalbeitia eta Lore Agirre, prentsaurrekoan.

Tolosako EH Bilduk adierazi duenez, prest zegoen aurrekontua babesteko, baina euren ustez EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak "ez zuen nahi EH Bildurekin argazkirik atera nahi".

EH Bilduko udal taldeko Inaki Irazabalbeitiak eta Lore Agirrek prentsa agerraldia egin dute aurtengo udal aurrekontuaren inguruan. "2019ko aurrekontuei egindako ekarpenak aurkezterakoan, Tolosako EH Bilduk azpimarratu zuen oinarriak ikusten zituela aurrekontu horiek udal gobernuarekin adostu eta babesteko", esan du Irazabalbeitiak. Besteak beste, legealdi honetan "lehen aldiz aurrekontuek urtean zehar garatu nahi diren proiektuak zehatz-mehatz islatzen dituztela" azpimarratu zuen koalizioak orduan, eta hori bera adierazi zuela abenduaren 27ko osoko bilkuran ere zehaztu du Irazabalbeitiak.

EH Bilduk eginiko hamabost ekarpenetatik udal gobernuak bi baino ez dituela onartu kexatu da Irazabalbeitia. EH Bildutik adierazi dutenez, jakitun da proposamen horietako batek edo bestek "aldaketa adierazgarria" egiten ziola 2019ko aurrekontuari, "65 urtetik gorako pentsioak behin behinean osatzeko diru laguntza sortzeari buruzkoak, esate baterako". Horri buruz "jarrera kontrajarriak" egotea entenditzekoa dela gaineratu du Irazabalbeitiak, "udal gobernuak eta oposizioak proiektu sozial desberdinak defenditzen dituzten heinean". Halere, EH Bilduk egindako ekarpenak eta proposamenak "egingarriak" direla nabarmendu dute, eta "herritarren eskaera eta beharrei" erantzuten dietela. "Azken finean hori da udal ordezkarien zein udalaren egitekoa, tolosarren beharrei erantzutea", esan du Irazabalbeitiak. Aurrekontuetarako egindako proposamen gehienak "udal gobernuak bere egiteko modukoak" izan dira EH Bilduren ustez.

Bide horretan Irazabalbeitiak zenbait adibide eman ditu. Esaterako, garatu nahi den azpiegitura nolakoa izango den adostuta dagoenean, Usabal kiroldegiaren 3. fasearen proiektu arkitektonikoa egiteko diru partida bat jartzeko EAJk eta PSE-EEk zein arazo dituzten galdetu du. Galdera bera egin du udal eraikinen berrikuntza hasteko proiektua egiteko egin zen ekarpenarekin. "Egiatan 2020an berrikuntza planari ekin nahi bazaio, 2019an proiektua lantzen hastea ezinbestekoa da" EH Bilduren ustez, eta "aurrekontuak hori jasotzea ere bai, noski".

Energia berriztagarrien alorrean emaniko ezezkoa "ere nekez ulertzekoa da Tolosako Udalak jasangarritasunarekin duen konpromisoaren testuinguruan", esan du Irazabalbeitiak. Udal eraikinetan energia berriztagarriak ezartzeko azterketa bat eskatu zuela azaldu dute EH Bildutik. "Azterketa eta plan bat eginak omen daude, baina EH Bilduk, oraindik behintzat, ez du ikusi azterketa zein planik, eta dagokion batzordean ere ez da aurkeztu. Existituko al da?", galdetu du Irazabalbeitiak. Udal gobernuak bizilagun komunitateei energia berriztagarriak ezartzeko diru laguntzak ere ukatu izanaz kexatu dira. "Energiaren Euskal Erakundeak ematen dituela izan da arrazoia. Beste alor batzuetan udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntzak osatzen ditu arazorik gabe. Zergatik ez alor honetan, Energiaren Euskal Erakundeak berak osagarritasun hori ontzat jotzen duenean?", egin du galdera Irazabalbeitiak.

Onartu ez zaizkion beste ekarpenei buruz EH Bildutik antzeko gogoetak egin daitezkeela esan dute. "Ondorio bakarra dago prozesu honen ondoren: udal gobernuak, EAJk eta PSE-EEk, ez du EH Bildurekin aurrekontuak adosteko asmorik izan hasiera-hasieratik; ez zuten EH Bildurekin argazkirik atera nahi", esan du Agirrek. "Itxura denez, ez zaie komeni hori eta ez dute begiratu oposizioaren proposamenak tolosarrei komeni zaizkien, tolosar guztientzat onena adostasun politiko zabalenak izatea denean". EH Bildu prest zegoela aurrekontuak babesteko, eta hori publikoki zein pribatuan adierazi zutela azaldu dute, "baina udal gobernuak ez du oposizioaren aldetik abstentzioa ere bilatzeko imintziorik egin, ez du nahi izan; eta EH Bildu etengabe saiatu da horretan, aurrekontu proiektuak bazituen-eta adostasunerako oinarriak".

EH Bilduk "etsipenez" begiratzen die legealdiko azken aurrekontu proiektua egiteko "modu eta formei". Agirrek azaldu duenez, "ekarpen eta proposamen landuak egin dira uneoro oposiziotik, baina ez da maila bereko erantzunik jaso udal gobernutik". EAJk eta PSE-EEk ez dutela ekarpenak aurrekontura gehitzeko "inongo saiakera seriorik" egin gaineratu du Agirrek, eta hori "tolosar guztion kaltetan" izan dela esan du, "Tolosak askoz ere aurrekontu hobeak izateko aukera galdu duelako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!