Olentzeroren basoa formula magiko bat izan da Zumardiarentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 10a, 14:30
Haurrek Olentzeroren eskutik istorio magikoak entzuteko aukera izan zuten. TOLOSALDEKO ATARIA

Egitasmo berria bikain baloratu du Zumardia elkarteak eta eurentzat "altxor bat" izan dela gaineratu dute.

Zumardia elkarteak jarduera berri bat antolatu zuen Gabonen atarian: Olentzeroren basoa. Bertan aritu da Mauro Marotias: «Gure sustraietara joatea pentsatu genuen, eta Olentzeroren kasua gehiago aztertzen hasi ginen, 3 eta 8 urte bitarteko haurren pentsamenduetan barneratuz».

Tolosako errege magoen desfilean, Izaskundik behera suaren argiak egiten duen ibilbidea magikoa iruditzen zaio. «Antzeko zerbait bilatu nahi izan dugu Olentzeroren basoa sortuz, bertako elementuekin eta atmosferarekin». Formula oso magikoa izan dela dio, eta «hunkituta» dago parte hartzaileek bidalitako mezuengatik.

Elosegi parkean zehar, ibilbide magiko batean barneratu ahal izan dute haurrek eta gurasoek. «Leku ederra da, idilikoa, eta oso ondo etorri zaigu». Istorioak osatzerako orduan, Juan Kruz Igerabideren Eguberri liburura jo zuten. «Guretzako altxor bat izan da, Gabonetako magiari buruzko aholkuz jositakoa». Hori bera transmititu nahi izan dute, eta idazlearen bisita ere jaso zuten. «Bera ere hunkitzea lortu genuen».

Talde txikitan banatuta, guztira 1.032 haurrek eta beste hainbeste helduk parte hartu dute proiektuan, 2.060 pertsonak, alegia. Gainera, 260 haurrek kanpoan geratu behar izan dute. «Naturak duen indarraz eta neguko solstizioaren magiaz gozatu ahal izan dute, tradizioa ezagutzeaz gain. Aurreneko urtea izanik, ederra izan da, egitasmoa ezagutarazteko, baina ideia beste eragile batek hartu beharko duela iruditzen zait».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!