Balorazio oso onarekin itxi dute aurtengo Merkatu Txikia

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 10a, 13:30

Kultur etxeko aretoa txiki geratu zaie aurten. IRATI SAIZAR

15.000 euro baino gehiago bildu ditu Laskorain ikastolak, 23. merkatu txikian; bi astean lanean aritu direnak eskertu nahi izan dituzte.

Tolosako Laskorain ikastola oso pozik azaldu da, aurtengo Merkatu Txikia baloratzerakoan. Iñaki Olaetxea Laskorain Ikastolako kudeatzaileak azaldu du, «berrerabilpena bultzatzea» izan dutela helburu, beste behin.

Salerosketaren bitartez lortutako dirua, Gobernuz Kanpoko Erakundei ematen diete. Aurten, Ibarrako Misio Taldearen, Baltistan Fundazioaren eta Tolosaldea Sahararekin elkartearen artean banatu dute. Aurten, 15.000 euro baino gehiago lortu dira, iaz baino 1.000 gehiago. «Urte batetik bestera handituz doa ekarpen ekonomikoa, baina antzeko kopuruetan ibiltzen gara beti». Saldu gabeko guztia, gainera, berrerabilpenera bideratzen dute, eta Emauseko Trapukeriek jaso dute aurten ere. «Bi kamioi oso bete ditugu geratu diren gauzekin».

Erosleen artean, migratzaileen eta egoera ekonomiko onean ez dauden familien kopurua izugarri igo dela diote. «Prezio duinean eta merkean erosteko aukera eskaintzen dugu». Horien artean jantzien izan dute eskaera handiena, eta bestelako erosleek jostailuak edo liburuak erosi dituzte. «Eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu diren 150 bolondresei, eta produktuak eman dituzten 80 dendei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!