Migel Soroa Oroimenezkoaren lehen finalerdiak jokatuko dituzte larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 10a, 12:00
Ioritz Egiguren, txapelketaren une batean. AGERREMEDIA.COM

Tolosako Beotibar pilotalekuan, 16:30ean hasita, jokatuko dira Migel Soroaren Oroimenezko Ogi Berri Torneoaren lehen finalerdiak, goi mailako pilotariekin.

Jubeniletan, Lasa (Tolosa) eta Cuarain (Oberena) bikotea Senar eta Josu Etxeberria (Lapke) bikotearen aurka ariko da. Lasa eta Cuarain dira faboritoak, baina, kontuan izan behar da, tolosarra eskuetako minez egon dela, eta finalerdietako partida honetan itzuliko dela. Ikusi egin beharko da, nola erantzuten duen.

Etorkizunekoen mailan, Julen Egiguren (Ilunpe) eta Apezetxea (Umore Ona) bikotea, Osa eta Elizegi (Gazte Leku) bikotearen aurka lehiatuko da. Egiguren bere mailako aurrelari onenetakoa da eta, bi atzelariak ere maila horretako onenak direnez, partida ikusgarria ikusteko aukera izango da.

Nagusien mailan, Ioritz Egiguren (Zazpi Iturri) eta Sarasa (Buruzgain) bikoteak Zubizarreta (Lapke) eta Uriondo (Lea Ibarra) bikotearen aurka jokatuko du. Egiguren tolosarra eta Zubizarreta ezagunak dira maila horretan; biak defentsan ondo aritzen dira, eta tantoa amaitzeko erraztasuna dute. Bi atzelariek kantxa asko hartzen dute eta, beraz, partida gogor eta lehiatua izatea espero da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!