Samaniego ikastetxeko teilatua ari dira eraberritzen

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 9a, 08:00

Itoginak deuseztatu eta isolatze termikoa hobetzeko lanak egiten ari dira; «ezinbesteko» zeregintzat dute eta 114.000 euroko inbertsioa egin dute

Urtarrilean zehar, Samaniego ikastetxeko teilatuan konponketa lanak egiten ari da Tolosako Udala. Itoginak zeuden eraikinean eta isolatzean ere arazoak zituzten. Hori konpontzeko, teilatua zein fatxada berrituko dituzte.

Udalak 114 mila euroko inbertsioa egin du lan horiek aurrera eramateko. Itoginak deuseztatu eta dauden hezetasun arazoekin amaitzeko, ezinbesteko zeregina dela adierazi du Olatz Peon Tolosako alkateak. Hori horrela, «eraikinaren segurtasuna eta jasangarritasuna handitu, eta mantenu egokia bermatu» nahi izan dute.

Era berean, fatxada eta teilatuan panelak jartzen ari dira isolatze termikoa bermatzeko. Lehenik, teilatu berriaren metalezko plakak zaharraren gainean jarriko dituzte, eta bi plaken artean geratzen den hutsunean isolatze panelak jarriko dituzte, jarraian. Panel horiek, teilatuan eta fatxadaren goialdean jarriko dira, leihoen goiko ateburuetaraino; horrela batuko da teilatua eta fatxadaren arteko lotura.

Udalak 2016an egin zuen ikastetxeak izan zitzakeen beharren azterketa. Hortik ikusi zuten lan horien beharra. Aurreko urte horietan mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko lanak egin zituzten eta 114.200 euro inbertitu dituzte.

ERABERRITZE GEHIAGO

Tolosako Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Eskolaren eraikinean ere eraberritze lanak egingo ditu urtarrilean udalak. Inguratzen duen lursaileko itxitura berrituko dute ate metalikoa ere ordezkatuz, eta bi eraikinetako batean berrikuntzak egingo dituzte. Orotara, lanek, 37 mila euro gehi BEZako aurrekontua dute.

Ekialdeko eraikina izango da aldaketak jasoko dituena: leihoak ordezkatuko dituzte, gortina berriak jarriko dituzte, teilatuko hegala saneatu eta pintatuko zaio, pitzadurak konponduko dituzte eta zazpi komun ordezkatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!