Haurren ilusioa garaile, Shanti Txapelketan

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 6a, 14:31

Goiz osoan zehar XXXVII. edizioko finalak jokatu dituzte Tolosako Usabal Kiroldegian. Giro paregabean aritu dira gaztetxoak.

Errege egunak berekin dakar Shanti Txapelketako finala. Usabalgo areto futboleko harmailak leporaino bete dira, eta animo eta txalo artean jokatu dituzte bost finalak.

Gabonen amaiera tentsio, ilusio eta urduritasun artean pasa dute askok eta askok. Goizeko 9:30ean eman diete hasiera benjamin mutilen partidekin. Serreria Salaberriak irabazi du 4-2 Tximista Juniorren aurka.

Jarraian, benjamin nesken txanda izan da. Ausartak taldeak Lagunaken aurka jokatu du eta banakoarekin amaitu da partida. Penaltietan, Ausartak taldeak eskuratu du garaipena.

Neskek jarraitu dute berriro ere, baina kasu honetan alebinek jokatu dute goizeko hirugarren partida. Neska Alaiak, Beastiko Tigreen aurka izan dute lehia eta bi talde hauek ere berdinduta amaitu dute, 0-0. Penaltietan berastegiarrak izan dira garaile.

Ondoren, benjamin mutilen txanda izan da berriro ere, 2009an jaiotakoak izan dira protagonista. Karela Xare nagusitu da 7-2ko emaitzarekin Egarriko Tigreen aurkako partidan.

Festari amaiera emateko, alebin mutilek jokatu dute azkena. Anoeta eta Beteluko gaztetxoak izan dira parez pare, eta 2-1 emaitzarekin irabazi dute Anoetarrek.

Goiza bukatzeko, ilusio eta emozio artean sariak jaso dituzte parte hartzaile guzti-guztiek; ia 700 gaztetxo aritu dira Gabonetan zehar txapelketa jokatzen. Tartean, Aiara Agirrezabala eta Telmo Aramendi futbolariei sari berezia eman nahi izan diete antolatzaileek, txapelketan zehar erakutsitako futbol eta laguntasunagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!