«Zumardian inor ez da baztertzen bere mailagatik»

Mikel Iraola 2018ko abe. 27a, 08:00

Duela urte eta erdi sartu zen Zumardia elkartean Ibon Artola mendi gidaria, eta egun koordinatzaile lanetan aritzen da. Elkartearen jarduna aztertu du 'ATARIA'-n.

Duela bi urte eta erdi burutu zituen lehen jarduerak Zumardia elkarteak, eta geroztik antolatu dituen ekintzen bueltan 1.500 pertsona inguru ibili dira. 200 bazkide dira, gainera. Atzeko lanetan, berriz, 20 lagun inguruko taldea dago, eta horien artean da Ibon Artola anoetarra.

Berrienetik hasiz, bi proiektu potolo jarri dituzue abian hilabete honetan: Olentzeroren Basoa eta iraupen eskiko eskola iraunkorra. Zeri erantzuteko sortu dituzue?

Norbanako batzuk egindako proposamenetatik abiatutako bi proiektu dira. Eski eskolaren kasuan, esaterako, aurrez antolatu izan ditugu ikastaroak. Baina aurreko urteetako ikasle batzuk maila bat badutela ikusita, beste zerbait behar zuten; jarraipen gehiagorekin aritzeko aukera behar zuten. Eguberriko oporrez gain, urtarrileko eta otsaileko asteburu askotan joango dira, taldean.

Olentzeroren Basoaren kasua bereziagoa da.

Orain arte egindakoaren aldean apurtzaileagoa da. Taldeko kide bati bururatu zitzaion, ideia partekatu zuen eta begi onez ikusi genuen. Zalantzaren bat ere egon zen hasieran, proiektuak Zumardiaren barruan lekua ote zuen-edo. Baina, azken finean, naturarekin lotura estua du. Basoan gaude, eta lantzen ditu beste hainbat elementu: eguzkia, iluntasuna, sua, solstizioa... Horien barruan balio batzuk transmititzen ditu basoak. Bistakoa da arrakastatsua izan dela. Txanda asko bete dira, eta Tolosaldeaz gain, Lezo edo Azpeititik ere iritsi dira bisitariak. Denbora oso gutxi izan dugu, baina batekin eta bestearekin hitz eginda lortu dugu. Aipatzekoa da jende askok emandako laguntza.

Natura, hezkuntza eta kirola dira Zumardiaren hiru zutabe nagusiak. Zergatik uztartu hirurak?

Naturaz kanpoko kirolak bultzatzen dira gehienbat. Kirola eta natura uztartzen zituen eskaintzan gabezia zegoen hemen inguruan. Bestalde, beste garrantzia bat eman nahi nahi izan genion hezkuntzari, ondo pasatzea eta disfrutatzea erdigunean jarriz. Maila bat ez baduzu, zenbait kiroletan taldetik kanpo geratzen zara. Nik neuk bizi izan nuen hori. Beste eragileak gutxietsi gabe, guk beste ukitu bat eman nahi izan genien balioei, lehiakortasun horrekin puskatuz. Inor ez da baztertzen bere mailagatik.

Lehiari ere ez diogu uko egiten. Hau da, ni trail eskolako arduraduna naiz, eta ume batek esaten badit lasterketa batean parte hartu nahi duela, ez diot ezezkorik esango. Baina lehiaketa beste modu batera azaltzen saiatzen gara. Noski laguntzen diegula teknikoki hobetzen, maila bat hartzen... baina irabaztea ez da garrantzitsuena. Helburua da taldeko giroan heztea, ikastea eta disfrutatzea.

Lehiakortasunaren kontzeptu hori barneratzea kostatzen zaie ikasleei?

Trail eskolako adibidearekin jarraituz, askoren erreferentea Kilian Jornet da. Eta saiatzen gara horri garrantzia kentzen. Gure helburua da haur eta helduek mendiaz disfrutatzea. Demagun, taldeko kide batek egunen batean ezin gaituela segi. Bada itxaron egiten diogu. Guztiok batera joaten ikasten dugu. Mendizaletasunari lotuta dauden balio horiei ematen diegu garrantzia: laguntasuna, talde izaera...

Lehiakortasun dosi txikiren bat ere ematen diegu. Urtean bitan soilik saiatzen gara Uzturrera ahalik eta azkarren igotzen. Baina baldintza bat dute: denak elkarrekin joatea. Batzuk hobeto moldatzen dira aldapan gora, beste batzuk behera. Beste batzuk ikusten dute bakarrik joango balira azkarrago joango liratekeela. Baina ikasi behar dute batera joaten. Eta horrela talde giroa lortzen da, eta disfrutatzeak garaipenak baino lehentasun gehiago izatea.

Natura eta kirola uztartzen dituzten beste eragile batzuk badira: mendi taldeak, esaterako. Baina kezka azaldu izan dute, belaunaldi aldaketa bat emateko dituzten zailtasunengatik. Zumardia izan daiteke eragile bat aldaketa hori sustatzen lagundu lezakeena?

Izan daiteke, bai. Aspaldian egin ez zen zerbait egin dugu aurtengo udan, Aralarko zeharkaldia, 12-14 urte bitarteko haurrekin. Horrelako gauzak gaztetatik bultzatzeko tresna garrantzitsu bat izan daiteke Zumardia.

Zer-nolako papera dute gurasoek balio horiek guztiak uztartzerakoan?

Aipagarria da bazkide kopurua handituz doala, eta askok familia moduan ematen dute izena. 50 bat familia izango dira Zumardian. Guraso askori horrek erakartzen die. Batzuk badaramatzate urteak horrelako gauzak eginez, kultura hori ezagutzen dute. Baina beste batzuk ez. Eta parte hartzen dute ekintzetan: piraguan, eski ikastaroetan, trail eskolan... Laguntza emateko ere prest agertzen dira. Aurrez jarrera positibo bat dago, eta konfiantza giroa. Eta giro horretan haurrak heztea oso ona da.

Hortaz, ez dago adin mugarik Zumardiaz gozatzeko.

Ez adin mugarik, ezta gaitasun mugarik ere. Ikastaroetan bada 40 urteen bueltako jendea. 60 urteko jendea ere animatzen da mendi irteeretara. Zergatik eta bere lagunek mendira joateari utzi diotelako eta bakarrik geratu delako. Trail eskolan, adibidez, bada jendea inoiz mendian korrika ibili ez dena. Fisikoki gutxieneko maila bat behar da, baina ilusioa jarriz gero, guk oinarrizko gauzekin laguntzen dugu. Goza dezaten ahalegintzen gara.

Etorkizunera begira zein proiektu dituzue eskuartean?

Orain arteko batzuek jarraipena izango dute: baratze eskolak, espeleologiak... Baina izango dira berrikuntzak. Alpinismoko ikastaroak sortu nahian gabiltza, eta hor barruan, zeharkaldiko eskia edo izotz eskalatzea. Uda partean piragua zeharkaldiak egingo ditugu, Josu Iztuetaren laguntzarekin, Gipuzkoako ibaietan barrena. BTT eskola bat ere sortu nahi dugu. Aurrez aipatu dugun Aralarko 4-5 eguneko zeharkaldia , gazteez gain, helduekin ere egingo da. Eta noski, proposamen berriak pozik hartuko ditugu. Jendeak interesa azaltzen duen bitartean, guk lanean jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!